Ekonomia -
Talgo
Pesa poloniarrak Societe Generale fitxatu du Talgo Erosteko Eskaintza Publikoa egiteko
Operazioak Espainiako Gobernuaren onespena jaso beharko luke, baina garbi esan izan du Sidenorren aldeko apustua egiten duela, eta atzerriko enpresak Talgon sartzekotan, oso zati txikiarekin sartzeari baino ez diola irekitzen atea, erabakimena Espainian mantendu ahal izateko.
Agentziak | EITB Media
Poloniako Estatuak kontrolatzen duen Pesa tren-fabrikatzaileak Societe Generale banku frantziarra kontratatu du Talgoren akzioak Erosteko Eskaintza Publikoa (EEP) egiteko, nahiz eta, gaur-gaurkoz, operazio hori ez lukeen onartuko Espainiako Gobernuak, Hungariaren antzeko eskaintza bat errefusatu zuela kontuan hartuta.
Espainiako Gobernuaren gertuko iturriek azpimarratu dutenez, Sidenorren eskaintza da orain arte mahai gainean dagoen onena Talgo erosteko, ezarritako bi baldintzak betetzen baititu: indarrean dituen eskaerei aurre egiteko gaitasuna handitu dezakeen duen enpresa da eta erabakimena Espainiako Estatuan mantenduko luke.
El Confidencial egunkariak aurreratutako informazioaren arabera, Societe Generale prest agertu da Poloniako PFR funtsari (Pesa kontrolatzen du) behar den finantzaketa emateko, Talgoren akzioak Erosteko Eskaintza Publikoa abiarazteaz gain, Talgoren zorra bera birfinantzatzeko.
Hala ere, ez du erraz izango Espainiako Gobernuaren galbahetik pasatzea, ez baitu herrialdearentzat estrategikoa den Talgo enpresa atzerritarren esku utzi nahi, herritarren mugikortasunaren inguruko erabakiak kanpoan hartzea "arriskutsua" litzatekeelako.
Espainiako Gobernuak urtarrila amaitzerako topatu nahiko luke irtenbidea; azken asteotan garbi adierazi du Sidenorren aldeko apustua egiten duela, eta atzerriko enpresak Talgon sartzekotan, oso zati txikiarekin sartzeari baino ez diola irekitzen atea, erabakimena Espainian mantendu ahal izateko.
Poloniako prentsa hasi da Talgo erosteak edo harekin fusionatzeak Poloniari emango lizkiokeen onurez hizketan, besteak beste, abiadura handiko trenen garapenari bultzada ematea (Pesak ez du AHTrik ekoizten, Talgok bai), Ukrainako mugan trenak gurutzatzea erraztea, bidearen zabalerak desberdinak baitira batean eta bestean, eta Talgoren teknologia batek ahalbidetu egiten du bietara egokitzea.
Espainiako Gobernuaren lehentasuna, haatik, herrialdearentzat historikoa den enpresa baten etorkizuna bermatzea da, baina, aldi berean, akziodun nagusia den Trilantic funts ingelesak bere akzioetatik ahalik eta etekin handiena ateratzeko duen eskubide legitimoa ez eragozteko modua bilatzen saiatzen ari da.
Horren harian, Sidenorren eskaintza akzioko 4 eurokoa da, gaur egungo akzioko 3,6 euroko kotizaziotik gora baina hungariarrek eskaini zituzten 5 euroetatik oso behera. Hain zuzen, hori da negoziazioetan gainditu beharreko oztopo nagusia.
Talgok % 6 egin du gora burtsan gaur
Talgok % 6 baino gehiago egin du gora ostiral honetan burtsan, Pesaren eta Societe Generaleren arteko mugimendua ezagutu ostean. Zehazki, Madrilen eta Araban lantegiak dituen Espainiako trenen fabrikatzailen akzioak % 6,23an zirela itxi da burtsako jardunaldia, tituluen prezioa 3,75 eurora iritsita.