Ekonomia -

BSH-REN ITXIERA

BSHko beharginek lantegiaren etorkizunari buruzko lantaldearen "berririk gabe" jarraitzen dute

"Jendea adoregabe dago, atsekabetuta eta motibazio faltan", Langile Batzordearen arabera. Joan den astean iragarritako lantaldearen bilerarako data noiz jarriko zain jarraitzen dute; enpresako, Nafarroako Gobernuko eta Espainiako Gobernuko kideak izango dira mahai horretan.

Langileen elkarretaratzea, hilaren 10ean, BSHren atarian. EFE.
Langileen elkarretaratzea, hilaren 10ean, BSHren atarian. EFE.
Langileen elkarretaratzea, hilaren 10ean, BSHren atarian. EFE.

Agentziak | EITB Medida

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezkirozko BSHko 655 langileek azken egunetan ez dute berririk jaso, lantegiaren etorkizunaz eztabaidatzeko joan den astean Nafarroako lehendakariak iragarri zuen lantaldearen inguruan. Izan ere, Alemaniako multinazionalak sei hilabeteren buruan lantegia itxiko zuela aditzera eman zuen urte amaieran, eta Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak enpresarekin lantalde hori eratzea adostea lortu zuten, lantegia salbatzeko aukera guztiak aztertzeko helburuz.  

"Jendea adoregabe dago, atsekabetuta eta motibazio faltan", Langile Batzordeak EFEri azaldu dionaren arabera. Nafarroako Gobernuarekin harreman estua dute (atzo bertan bildu ziren Exekutiboari informazioa emateko), eta joan den astean iragarritako lantaldearen bilerarako data noiz jarriko zain jarraitzen dute; enpresako, Nafarroako Gobernuko eta Espainiako Gobernuko kideak izango dira mahai horretan.

"Legeak ezartzen dituen sei hilabete hauek probestu behar ditugu egoera iraultzen saiatzeko, baina enpresa gurekin esertzen ez den bitartean, alferrik da", langileen esanetan. 

Horregatik, funtsezkoa da, horien ustez, jasaten ari diren egoera zaila ikusarazten jarraitzea. Horretarako egin dute, esaterako, ekoizten dituzten etxetresnen publizitatea modu sarkastikoan imitatzen agertzen diren bideoa, eta "BSH ez itxi" dioten kamiseta horiak jarri dituzte Nafarroako errepideetako hainbat puntu, biribilgune eta bidegurutzetan.  

"Gu mugitzen ari gara eta alde guztietan presioa egin nahian ari gara, baina enpresak ez badu mugitzeko asmorik...", deitoratu dute, eta ohartarazi, zuzendaritzak "enpresen itxieretan adituak" diren abokatu-etxe bati eman diola jada alderdi legalak kudeatzeko enkargua. 

Horregatik, eta nahiz eta orain arte beharginek "euren zereginetatik haragoko gauzak egitea ohiko kontua zen, orain atsekabea hain handia denez, euren lan-hitzarmenean jasotakoak baino ez dituzte egiten", azaldu dute. 

"Uste dut hemendik eta ekainera bitartean giroa jasangaitza izango dela", aurreratu du, ezkor, Langileen Batzordeko kide batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Lan gatazkak Industria