Ekonomia -

OGASUNA

Bizkaiko Ogasunak 9.409 milioi euro bildu zituen iaz, 2023an baino 1,9 milioi gutxiago

Aldundiaren Ogasun Sailaren arabera, 2024an "zenbait turbulentzia garrantzitsu" izan ziren, hala nola "hidrokarburoen sektoreko BEZari lotutako iruzurra" eta "mutualistei itzuli beharreko kopurua". Horien aurrean, "lurraldearen sendotasuna" agerian geratu dela dio foru erakundeak.

Foru Ogasunaren bulego bat. Artxiboko irudia.
Foru Ogasunaren bulego bat. Artxiboko irudia.
Foru Ogasunaren bulego bat. Artxiboko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Ogasunak 9.409 milioi euro bildu zituen iaz itundutako zergen bidez, 2023an baino 1,9 milioi gutxiago. Hala, 2024rako aurreikusitako aurrekontuaren (9.829,5 milioi euro) % 95,7 bete da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Sailak zabaldu ditu gaur datuok, ohar bidez. Bertan zehaztu dutenez, iazko emaitzak "lurraldearen sendotasuna" agerian uzten du. "Zifra horiek Bizkaiko Lurralde Historikoak 2024an izan duen sendotasuna erakusten dute. Izan ere, 2024an zenbait turbulentzia garrantzitsu izan ditu lurraldeak, hala nola hidrokarburoen sektoreko BEZari lotutako iruzurra eta 1978a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten pertsonei itzuli zaien 400 milioi euro inguruko kopurua", azaldu du foru erakundeak.

Aldundiaren arabera, zerga-bilketaren 2024ko azken zifran jada deskontatu dituzte Ekarpenen Legean ezarritako doikuntzen ondorioz egindako ordainketak: guztira, 1.076,6 milioi euro. Honela banatu dira doikuntza horiek: 940,4 milioi ordaindu zaizkio Gipuzkoari, eta 136,2 milioi, Arabari.

2024an, zuzeneko zergen bidez 4.860,1 milioi euro bildu ziren, 2023an baino % 0,3 gutxiago, eta zeharkako zergen ondoriozko behin betiko bilketa 3.373,0 milioi eurokoa izan zen, hau da, aurreko urtean baino % 0,9 gehiago.

Bestalde, Espainiako Estatuarekiko doikuntzen ondorioz, 1.114,7 milioi bildu ziren, aurreko ekitaldian lortutakoa baino % 5,0 gehiago. BEZaren doikuntzak, orokorrean, % 3,2 egin zuen gora, eta zerga berezien ondoriozko ordainketak, berriz, behera egin zuen, % 6,6.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika Bizkaiko Foru Aldundia