Ekonomia -

AKORDIOA

Nekazaritza Ministerioak EAEko atunontzien jarduera bultzatuko du Panamako eta Costa Ricako uretan

EAEko lau atunontzik bi hilabete daramatzate Dakarreko portuan amarratuta, Europar Batasunaren eta Senegalen arteko arrantza akordioa amaitu delako.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak kudeatuko du EAEko atunontziak Panamako eta Costa Ricako uretan jardutea, Senegalen ezinezkoa izan baita, herrialde horren eta EBren arteko arrantza-akordioa amaitu da eta.

Espainiako Gobernuaren ekimena Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Dakarren amarratuta dauden Bermeoko lau atunontzien egoerari buruz Ministerioak esku hartzeko eta erabakiak hartzeko deia egin ondoren iritsi da. Ontziek bi hilabete daramatzate itsasoratu ezinik.

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordeak bilera egin du astelehen honetan Isabel Artime Arrantzako idazkari nagusiarekin, Arrantza Zuzendaritza Nagusiaren Madrilgo egoitzan. Bilera horretan, euskal ontzien hiru armadoreek eta Cepesca armadoreen Espainiako patronalak ere parte hartu dute.

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du euskal atunontziek Panamako eta Costa Ricako uretan jarduteko aukera kudeatzeko.

Gainera, itsasontziek "minimis" laguntza jaso ahal izatea aztertzen ari da Saila, 40.000 euro, hain zuzen ere, jasaten ari diren geldialdia dela eta.

Senegalen geldialdia egin behar izan duten ontziak EAEko armadoreenak dira, baita Espainiako hiru eta Frantziako bandera duen bat ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arrantza