Ekonomia -
EUSTAT
Euskadik % 7,1eko langabezia-tasarekin itxi du 2024a
Azken urtean 15.700 lagun gehiago izan dira lanean, eta langabezia-tasa hamarren bat jaitsi da: % 7,2tik % 7,1era.
EITB MEDIA
Eustaten datuen arabera, EAEko lan-merkatuko 2024ko laugarren hiruhilekoko datuek aurreko hiruhilekoan baino 2.000 landun eta 1.100 langabe gutxiago egon zela islatzen dute. Langabeak 75.600 direla zenbatetsi da, eta landunak 995.100 izan dira 2024ko laugarren hiruhilekoan.
EAEko langabezia-tasa % 7,1 da, 2024ko hirugarren hiruhilekoaren datuari erreparatuta. Biztanle landun eta langabeen datuen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa —16 urtetik gorako biztanleak kontuan hartuta kalkulatzen da— % 56,2koa izan da 2024ko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino hiru hamarren txikiagoa.
Lurralde historikoka, eta aurreko hiruhilekoaren aldean, Gipuzkoan 2.500 landun gutxiago daude, eta Bizkaian, 2.100; Araban, berriz, 2.700 landun gehiago daude. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 3.800 landun gutxiago daude, eta Donostian, 1.200 gutxiago. Gasteizen, ordea, 3.400 gehiago dira.
Gizonen artean jaitsi da okupazioa (-5.900), eta emakumeen artean, berriz, igo: 3.900 gehiago zenbatu dira. Nazionalitateari dagokionez, Espainiako nazionalitatea duten pertsona okupatuak 4.300 gutxiago dira (-% 0,5), eta atzerriko nazionalitatea dutenak 2.300, gehiago (+% 2,4).
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle landunen kopuruak 3.600 egin du behera industrian (% -1,8), zerbitzuen sektorean mantendu egin da eta eraikuntzan gora egin du (+% 0,4), lehen sektorean, gainera, 1.400 landun gehiago zenbatu dira (+% 15,9). Okupazio-tasa —16-64 urte bitarteko pertsona landunen ehunekoaren arabera kalkulatuta— hamarren bat jaitsi da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 71koa da.
Tasa hori % 73,7ra jaitsi da gizonen kasuan, eta % 68,2ra, emakumeenean, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko sei hamarren gehiago. Nazionalitateari dagokionez, okupazio-tasarik altuena Espainiako nazionalitatea duten pertsonenek izan dute (% 72,7), aurreko hiruhilekoaren aldean 4 hamarren gutxiago.
Atzerriko nazionalitatea duten pertsonen datuak, berriz, 1,4 puntu egin du gora, eta % 58,3ra iritsi da. Lurralde historikoei begiratuta, okupazio-tasarik altuena Gipuzkoak izan du (% 73), aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko hiru hamarren gutxiago.