Ekonomia -

Araba

Guardian multinazionalak Laudion duen lantegia itxiko du eta 171 beharginak kaleratuko ditu

Konpainiak gaur jakinarazi dio erabakia enpresa batzordeari. Sei hilabete barru gauzatuko da itxiera. Jaurlaritzak enpresarekin hitz egingo duela jakinarazi du, "inbertsio berriekin jarduerari eusten" saiatzeko.

Laudioko Guardian enpresaren kanpoaldea. Google Maps
Laudioko Guardian enpresaren kanpoaldea.
Laudioko Guardian enpresaren kanpoaldea. Google Maps

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardian Glass multinazionalak —beira ekoizten du— Laudion (Araba) duen lantegia itxi egingo duela jakinarazi du gaur, eta bertan lan egiten duten 171 beharginak kaleratuko ditu.

Konpainiak goizean helarazi dio itxieraren erabakia enpresa batzordeari. Langileen ordezkariek bilera egin dute eguerdian. Emandako informazioaren arabera, sei hilabeteren buruan gauzatuko da itxiera: "Labea hoztu ondoren, Guardianen asmoa da Laudioko lantokia ixteko legez egin beharreko urratsak ematea, baita langileekin eta haien ordezkariekin negoziatzea ere, eta jarduera behin betiko uztea eta likidatzea".

Itxieraz galdetuta, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua "harrituta" agertu da, Gabonen aurretik enpresarekin "harremanetan" izan zirelako eta elkarrizketotan ez zelako itxieraren aukera aipatu. Orduko hartan, sektoreak Europan zituen arazoak aipatu zizkien Luxenburgoko zuzendaritzak "energia presioak zirela eta".

Konpainiak gaur azaldu dienez, "matxura" izan dute labean, eta "ezin izango dute konpondu". Horrek eragin omen du enplegu erregulazio espedientea. "Erabaki zail honen arrazoia da labearen higadura-egoera, eta, bereziki, labea kargatzeko horman aurkitutako kalte kritiko berria eta ustekabekoa, konpainiari modu seguru eta fidagarrian lan egiten uzten ez diona", esan du enpresak ohar batean.

Horren aurrean, enpresarekin elkarrizketetan jarraituko dutela nabarmendu du, "inbertsio berriekin jarduerari eusten" saiatzeko.

Arabako Foru Aldundia haserre agertu da itxiera iragarpenagatik, eta adierazi du inplikatuta dagoela, "etorkizunera begirako enpresa proiektu sendo" bat bilatzeko.

Ohar batean gogorarazi duenez, Arabako eta EAEko erakundeek etengabe eskaini diote laguntza enpresari azken urteotan, bere etorkizuna bermatzeko helburuarekin.
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari dela adierazi du, enpresa horri jarraipena emateko eta "etorkizuneko enpresa proiektu sendo berri batean" oinarrituta irtenbide bat aurkitzeko.
Sindikatuen adierazpenak

Arabako Aiaraldea eskualdean enplegu suntsiketa eta "desindustrializazio" prozesua salatu du LAB sindikatuak. LAB Aiarak, sare sozial batean bere profilean zabaldutako mezu baten bidez, Aiaraldearen "etorkizunaren defentsan" aritzeko deia egin du eta Guardian ixteko iragarpena salatu du.

"Enplegu suntsiketa eta desindustrializazio gehiagorik ez Aiaraldean!", adierazi du sindikatuak.

Ildo beretik, ,ultinazionalak lurraldean industria eta enplegua suntsitzen jarraitzen duela kritikatu du ELA sindikatuak. Guardianek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ELAk iragarri du "ahal dituen bide guztiak" hartuko dituela enplegua bermatzeko. Era berean, sindikatuak dei egiten die erakundeei, eta zehazki Eusko Jaurlaritzari, desindustrializazioa eta lantegiaren itxiera saihesteko neurriak har ditzan.

Guardian Glass konpainiak beste lantegi bat du Tuteran (Nafarroa), baina han ez da kaleratzerik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Lana Laudio Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak