Ekonomia -
Greba Hezkuntzan
Hauek dira Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzako 12 greba egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak
Zuzendaritza-taldeko eta plantillako langile banak bermatu beharko dute ikasleak ikastetxera sartzea, eta hezkuntza-etapa bakoitzeko irakasle bat egotea eskatuko da. Garbiketako langileen gutxienez % 50ek egin beharko dute lan, eta sukaldeko langileen kasuan, berriz, % 10ek.
EITB Media
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek EAEko irakaskuntza publikoan deitu dituzten 12 greba egunetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituen agindua eman du astearte honetan, urtarrilak 21, Eusko Jaurlaritzak, Mikel Torres bigarren presidenteorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak sinatuta.
Hain zuzen ere, ikastetxe publikoetako irakasleek urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26an eta 27an greba egingo dute. Haurreskolen Partzuergoan lanuzteak urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12 eta 13an izango dira; sukaldeetan eta garbiketan greba urtarrilaren 30 eta 31rako eta otsailaren 19 eta 20rako dago deituta.
Hauek dira ezarritako gutxieneko zerbitzuak:
Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistema publikoko langileak:
- Zuzendaritza taldeko kide bat eta haren menpeko langile bat goizeko txandarako eta beste bat arratsaldeko txandarako, halakorik bada.
- Irakasle bat hezkuntza-etapa bakoitzeko (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa).
- Haur Hezkuntzako etapetan, bai 1. ziklokoetan, bai 2. ziklokoetan, eta Lehen Hezkuntzako etapan, etapa bakoitzean matrikulatutako 100 ikasleko irakasle bat gehituko da dagokion etapan.
- Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, ikasgeletako ohiko langileen % 50 egon beharko da.Garbiketako eta sukaldeko langileak:- Egunero garbitu behar dira zoruak, piletak, komunak eta bainugelak, eta hondakin organikoak jaso eta kendu. Lan horiek zerbitzu horiek eman ohi dituzten langileen % 50ek egingo dituzte, eta inoiz ez da izango eguneroko lanaldia baino luzeagoa.
- Jantoki zerbitzua bermatuko da, sukalde zerbitzua ematen duten Hezkuntza Saileko langileak dauden ikastetxeetan bertan erraz prestatzen diren elikagaiak prestatuz. Aurreko eginkizun horiek sukaldeko langileen % 10ek beteko dituzte.Haurreskolen Partzuergoko langileak: - Haur-eskoletara sartzeko kontrola bermatzeko, ikastetxe bakoitzeko, koordinatzaile bat edo bere ordezkoa izango da.