Ekonomia -
Hezkuntza
12 lanuzterekin abiatuko dute irakasleek hezkuntza publikoko greba
Guztira 30.000 irakasle daude grebara deituta, eta Bilboko kaleetan zehar manifestazio nagusia egingo dute 11:30etik aurrera.
Agentziak | EITB Media
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek 12 lanuzterekin abiatuko dute gaur unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko greba.
Urtarrilaren 17an, sindikatu horiek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean erregistratu zituzten Sukalde eta Garbiketako, Haurreskolen Partzuergoko eta irakaskuntza publikoko irakasleen langileei eragiten dieten 12 greben deialdiak.
Irakasleen kolektiboa dago lehen greba egun honetara deituta, guztira, 30.000 behargin.
Lehenengo greba hori dela eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleek manifestazio nagusia egingo dute gaur, 11:30etik aurrera, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Arriaga antzokiraino.
Irakasleak urtarrilaren 23an eta otsailaren 26an eta 27an ere mobilizatuko dira; Haurreskolen Partzuergoko langileen grebak urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an egingo dira; eta sukaldeko eta garbiketako langileen grebak urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an.
Mobilizazio horien bidez, besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak aldarrikatu nahi dituzte.
Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu behar duela azaldu dute sindikatuek, beharginen lan-baldintzak hobetzeko eta "eskola publikoa erdigunean kokatzeko".
Sindikatuek gogorarazi dute grebara deitutako kolektiboen lan-hitzarmenak iraungita daudela, eta, zehazki, Haurreskolen Partzuergoko eta sukalde eta garbiketa langileen hitzarmenak 2009koak direla, eta irakasleenak 2010koak.
Sindikatuek aldarrikapen zehatzak dituzte kolektibo bakoitzarentzat, baina zazpi eskaera komun adostu dituzte, hala nola "gero eta handiagoak diren lan-kargak arintzeko neurri zehatzak, plantillak gaztetzeko egitasmoa aurrera eramatea erretiroa aurreratzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa egonkortzeko eta bermatzeko zentro publikoen fusioen eta itxieren aurrean".
Era berean, hezkuntza politikak martxan jartzea eskatzen dute, "hezkuntza-sistema publiko osoa euskalduntzeko, beharginen lan-osasuna zaindu eta bermatuko duten azterlan eta neurri adostuak ezartzeko eta berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzeko".
Eusko Jaurlaritzak elkarrizketarako deia egin zuen berriro asteartean, eta berretsi zuen negoziazioak zabalik daudela, "akordioa lortzeko itxaropenarekin". Hauek dira Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzako 12 greba egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak.