Ekonomia -

Banketxeak

Sabadell bankua Kataluniara itzuliko da, zazpi urteren ostean eta BBVAk egindako erosteko eskaintza betean

Bueltatzea erabaki duen IBEX 35eko lehen konpainia da. Sektoreko iturrien arabera, BBVAk Sabadell bereganatzeko egindako prozesuarekin lotura zuzena du erabakiak, Kataluniako agintarien eta enpresen artean babesa lortu nahian.

Sabadellek Sant Cugat del Valle (Bartzelona) duen egoitza korporatiboa. EFE
Sabadellek Sant Cugat del Valle (Bartzelona) duen egoitza korporatiboa.
Sabadellek Sant Cugat del Valle (Bartzelona) duen egoitza korporatiboa. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sabadell banketxea Kataluniara itzuliko da aurki, 2017ko urrian, prozesu independentista betean, egoitza Alacantera (Valentziako Erkidegoa) mugituko zuela iragarri eta zazpi urtera.

Administrazio kontseiluak gaur bertan onartuko du itzulera, finantza sektoreko iturriek baieztatu dutenez.

Kataluniako independentzia prozesuak "ziurgabetasuna eta segurtasun eza" eragin zuela argudiatuta, 4.000 enpresak erabaki zuten herrialdea uztea. Egoera baretu dela ulertuta, hainbatek egin du buelta, eta iazko abenduan, esaterako, Molins zementu enpresak egin zuen iragarpena; mugimendu hura sinbolikotzat hartu zuten askok.

Sabadellek IBEX 35ean kotizatzen du, eta hortaz, itzulera horrek pisu handiagoa du. Gainera, Caixabank Kataluniatik joandako banketxe handiak jakinarazi du ez duela itzultzeko asmorik eta Valentzian duen egoitzari eutsiko diola.

Dena dela, sektoreko iturriek diote Sabadellen erabakia ekonomikoa dela, politikoa baino, eta BBVAk entitatea erosteko egindako eskaintza publikoarekin zerikusia duela. Izan ere, Kataluniako Gobernuak, Salvador Illa buru dela, eta herrialdeko enpresek eskaintzaren kontra egin dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona BBVA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean