Ekonomia -

ETXEBIZITZA

Lurzoru publikoko erreserba bat sortzea eta gazteentzako bi abal lerro berri iragarri ditu lehendakariak

Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroak Bilboko Euskalduna Jauregian egin duen lehen bileran iragarri ditu neurri horiek Imanol Pradales lehendakariak.

Imanol Pradales lehendakaria, gaur, Hirigintza eta Etxebizitza Foroan. Argazkia: Irekia
Imanol Pradales lehendakaria, gaur, Hirigintza eta Etxebizitza Foroan
Imanol Pradales lehendakaria, gaur, Hirigintza eta Etxebizitza Foroan. Argazkia: Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakariak iragarri duenez, lurzoru publikoko erreserba handi bat sortzea ahalbidetuko du Eusko Jaurlaritzak EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin lortu duen eta hurrengo asteetan sinatuko duen akordioak. Halaber, ekainetik aurrera gazteei zuzendutako bi abal lerro zabalduko direla aurreratu du.

Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroak lehen osoko bilkura du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, eta, lehendakariak ez ezik, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak ere hartu du parte, besteak beste.

Lehendakariak bere hitzaldian iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatuko du EUDELekin hurrengo asteetan etxebizitzaren arazoari soluzio bateratu bat bilatzeko bidean udalak ere inplika daitezen. Akordio horren baitan, Euskadin lurzoru publikoko erreserba handi bat sortuko da, etxebizitza babestua eraikitzeko kalifikatutako lurzoru publikoa mobilizatuko da eta azalera handiko etxebizitza zaharrak banatzea bultzatuko da.

Era berean, lehendakariak aurreratu du ekainetik aurrera gazteei zuzendutako bi abal lerro eskuragarri egongo direla; batetik, maileguaren finantzazioa osatu ahal izateko, eta, bestetik, alokairuen fidantza ordaintzeko. "Badakigu gaur aurkezten ditugun neurriak ez direla nahikoak izango. Baina gaude soluzioaren parte izango direla", adierazi du lehendakariak.

Etxebizitza duinerako sarbidea bermatzea Eusko Jaurlaritzaren "lehentasun politikoa" dela nabarmendu du lehendakariak, zailtasunak onartuta. "Etxebizitzaren erronka ez da soluzio magikoekin konpontzen. Ez dago horrelakorik. Baina Eusko Jaurlaritza gisa beharrezko urrats guztiak emango ditugu Euskadin etxebizitza eskuratzeko aukera berriak sortzeko", gaineratu du.

a

a

Bestalde, Denis Itxasok azpimarratu duenez, "aldaketak behar dira, eta Jaurlaritza entzutera eta egin beharreko aldaketak egitera etorri da. Hori da gure konpromisoa". Etxebizitza sailburuaren arabera, Hirigintza eta Etxebizitza Foroa "funtsezko tresna da egin beharreko erreformetan asmatzeko eta adostasunak eraikitzeko, etxebizitza oinarrizko eskubide gisa eta ez pribilegio gisa eskuratzea bermatuko duen bizitegi-eredu baterantz aurrera egiteko".

Halaber, foroaren izaera pluralari balioa eman dio, izan ere, erakunde instituzionalak, sozialak eta profesionalak ordezkatzen dituzten 51 ordezkaritza izango ditu (4 Etxebizitza Sailekoak, 3 Eusko Jaurlaritzako beste sail eta erakunde batzuetakoak, 12 toki-erakundeetakoak, 15 gizarte-erakundeetakoak eta 17 etxebizitzaren esparru profesionaleko erakundeetakoak). Ildo horretan, "soluzioak ahots guztiak entzunda eraiki behar dira, ahulenak zein merkatuan eraldatzeko gaitasuna dutenak", adierazi du Itxasok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Etxebizitzen merkatua