Ekonomia -

GREBA HEZKUNTZAN

Irakasleen % 75ek egin dute greba, sindikatuen esanetan; % 48k, Hezkuntza Sailaren arabera

Bere aldetik, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak berretsi du bere Saila "elkarrizketak izateko prest" dagoela. Negoziazio betean sindikatuek lanuzteak deitzea kritikatu ondoren, mahai gainean "proposamenak" badaudela azpimarratu du.

Bilboko manifestazioa jendetsua izan da oso. EFE
Bilboko manifestazioa jendetsua izan da oso.
Manifestazio jendetsua Bilbon, Hezkuntzako grebaren lehen egunean

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko irakaskuntza publikoko irakasleen hiru laurdenek egin dute bat LABek, Steilasek, ELAk eta CCOOk deitutako grebarekin, sindikatuok emandako datuen arabera. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, bere aldetik, portzentaje apalagoa aipatu du, % 48koa. Dena dela, kalkulua ikastetxeen % 82k emandako datuekin egin dutela zehaztu du Begoña Pedrosak zuzentzen duen Sailak.

12 lanuzte deitu dituzte unibertsitatez kanpoko hezkuntza-zentroetan, eta gaurkoa da lehendabizikoa. Asteazken honetan ez ezik, bihar eta otsailaren 26an eta 27an ere mobilizatuko dira. Orotara, 27.000 irakasle daude gaurko grebara deituta. Haurreskolen Partzuergoko langileen grebak urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an egingo dira; eta sukaldeko eta garbiketako langileenak, urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an.

Ohar bidez, sindikatu deitzaileek jakinarazi dute grebaren jarraipena "zabala" izan dela, Sailak "greba desitxuratzeko saiakera" egin eta "gehiegizko zerbitzu minimoak" ezarri baditu ere. Emandako datuen arabera, hiru hiriburuetako hainbat eskolatan eta institututan ia erabatekoa izan da jarraipena, eta % 100eko jarraipena izan den ikastetxerik ere badago: Bilboko Atxuriko eskolan, Donostiako Amara Berriko Urbietan eta Gasteizko Salburua HLHH ikastetxean, besteak beste.

Manifestazio jendetsua Bilbon

Eguerdi aldera, milaka langile atera dira Bilboko kaleetara, eta manifestazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Arriaga antzokiraino.

Dozenaka irakasle, Bizkaiko hiriburuko manifestazioan. EFE

Dozenaka irakasle, Bizkaiko hiriburuko manifestazioan. EFE

Grebaren arrakasta ikusita, sindikatuen "aldarrikapenei erantzuteko" deia egin dio Haizea Arbide Steilasen ordezkariak Jaurlaritzari. Orain arte, salatu duenez, jaso duten "erantzun bakarra izan da ez zegoela publikoarentzat dirurik, nahiz eta sare pribatuari eman egiten dioten".

Aritz Villar (LAB) ere oso kritiko azaldu da Jaurlaritzarekin, eta "erabakiak alde bakarrez, sindikatuekin adostu gabe" hartzea egotzi dio. "Negoziazio mahaiak zabalik edukitzeak ez du esan nahi benetan negoziatzen ari garenik", ohartarazi du, Pedrosak elkarrizketarako adierazi duen borondatea dela eta.

Miren Zubizarreta ELAren ordezkariaren esanetan, "irakasleek oso mezu argia helarazi diote Hezkuntza Sailaren ordezkariei: edukiz hustutako negoziazio mahaiak alde batera utzi, eta aldarrikapenei erantzuteko garaia da".

Azkenik, Sonia Aldavek (CCOO Irakaskuntza) azpimarratu duenez, Hezkuntza Sailak egindako azken proposamena "ez da nahikoa".

Ostegunerako manifestazio bana dago deituta EAEko hiru hiriburuetan. Martxak 11:30ean abiatuko dira Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzatik, Donostiako Boulevardetik eta Gasteizko Bilbo plazatik.

Aldarrikapenak

Mobilizazioen bidez, besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurrien beharra aldarrikatzen dute. Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu behar duela uste dute, beharginen lan-baldintzak hobetzeko eta "eskola publikoa erdigunean kokatzeko".

Sindikatuek gogorarazi dute grebara deitutako kolektiboen lan-hitzarmenak iraungita daudela, eta, zehazki, Haurreskolen Partzuergoko eta sukalde eta garbiketa langileen hitzarmenak 2009koak direla, eta irakasleenak, 2010koak.

Kolektiboei egokitutako aldarrikapen zehatzak dituzte, baina zazpi eskaera komun adostu dituzte, hala nola "gero eta handiagoak diren lan-kargak arintzeko neurri zehatzak, plantillak gaztetzeko egitasmoa aurrera eramatea erretiroa aurreratzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa egonkortzeko eta bermatzeko zentro publikoen fusioen eta itxieren aurrean".

Era berean, hezkuntza politikak martxan jartzea eskatzen dute, "hezkuntza-sistema publiko osoa euskalduntzeko, beharginen lan-osasuna zaindu eta bermatuko duten azterlan eta neurri adostuak ezartzeko eta berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzeko".

Eusko Jaurlaritza

Elkarrizketarako deia egin du, gaur ere, Eusko Jaurlaritzak. Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak berretsi du bere Saila "elkarrizketak izateko prest" dagoela. Hezkuntza-sistema "onena" lortzeko lanean ari direla esan ondoren, mahai gainean "proposamenak" badaudela azpimarratu du.

Alde guztien ahotsak "entzutea" beharrezkoa dela ere esan du Pedrosak, eta sindikatuek euren "aldarriak" gizarteratzeko eskubidea dutela gaineratu. Nolanahi ere, negoziazio betean sindikatuek lanuzteak deitzeari ez dio egokia irizten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO Steilas