Ekonomia -
ITXIERA
Eusko Jaurlaritza "beste enpresa batzuen bila" ari da, Guardianen planta Laudion mantentzeko
Datozen orduotan elkartuko dira Industria Sailaren ordezkariak Guardianeko arduradunekin. Lehendakariak ziurtatu du bere Gobernua "buru-belarri" ari dela lanean zuzendaritzaren erabakiari "harrigarriari" irtenbidea bilatzeko. Lantegia "bideragarria" dela nabarmendu du Laudioko alkateak.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritza "beste enpresa batzuekin" harremanetan jarri da, Guardian Glass enpresak Laudion duen plantari eusteko. Hala berretsi du Mikel Jauregi Industria sailburuak, eta argi utzi du bere Sailaren funtzioa industria "dinamizatzea" dela, eta ez "inbertsioak lideratzea". "Hori da enpresa honekin edo beste batekin aztertu behar dugun lehendabizikoa", zehaztu du.
Jauregik erantsi du du Arabako Aldundiarekin, Laudioko Udalarekin eta langileen ordezkariekin harremanetan daudela, egoera "elkarrekin" bideratzeko. "Denok elkar hartuta egin beharko dugu lana, egoerari aurre egin ahal izateko. Guardianekin edo beste enpresa batekin". AEBko multinazionalak atzo iragarri zuen Arabako lantegia itxi eta bertan lan egiten duten 171 beharginak kaleratuko dituela.
Jaurlaritzaren ordezkariak datozen orduotan bilduko dira Guardianen zuzendaritzarekin. "Erabakia definitiboa bada, industria berri bat ekartzea bilatu behar da", gaineratu du Jauregik.
Bide beretik hitz egin du Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak ere. Horren hitzetan, Jaurlaritzaren egitekoa industria sektorea "dinamizatzea" da, eta horregatik, oraingoz, bere hitzetan, ez da "zuhurra" Finkatuz funtsa Laudioko plantara bideratzea.
D'Anjou eta Jauregi sailburuek Bilbon egin dituzte adierazpenok, Eusko Jaurlaritza (Finkatuz funtsaren bidez) Arania taldearen kapitalean sartuko dela jakinarazteko egin duten agerraldian.
Imanol Pradales lehendakariak ziurtatu du bere Gobernua "buru-belarri" ari dela lanean zuzendaritzaren erabaki "harrigarriari" irtenbidea bilatzeko. "Enpresak erabaki zorrotz hori hartzearen atzean zer arrazoi dagoen azaltzea nahi dugu", gaineratu du agintariak.
"Erabaki harrigarriari" konponbidea bilatzeko Exekutiboa "lanerako buzoa" jantzita duela ziurtatu ostean, Pradalesek AEBko konpainiak "horren erabaki zorrotzaren arrazoiak azaltzea" nahi duela erantsi du.
Arabako Foru Aldundia lanean ari da, "Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, lantegiari etorkizuna emateko eta Guardianen enpresa-proiektuak aurrera egin dezan", "lantegian lan egiten duten pertsonen lanpostuei eustea da lehentasun eta helburu nagusia". Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatuak horren berri eman die komunikabideei gaur, eta "albiste txarra" deitoratu du.
Foru diputatuak "zuhurrak" izatea eskatu du, "prozesu serioa eta luzea" baita, "enpresa proiektuak benetan jarrai dezakeen ikusteko" eta "lanpostuei eutsi ahal izateko bide guztiak aztertzeko".
Lantegia "bideragarria" dela nabarmendu du Ainize Gastaka Laudioko alkateak, izan Guardian konpainiaren eskutik edo beste batekin. X sare sozialean zabaldu duen mezuan, AEBko multinazionalak lantegia ixteko eta 171 langileak kaleratzeko hartutako erabakia gaitzetsi du alkateak.
LAB
Bere aldetik, LAB sindikatuak dei egin die "erakunde guztiei, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari" eskura dituzten "mekanismo guztiak" erabili ditzaten, Guardianen "etorkizuna bermatzeko". "Beste behin ere, argi dago multinazional honek bere interes ekonomikoak lehenesten dituela, langileen bizitzen gainetik. Orain Guardianekin gertatzen ari denak Glavistarekin gertatu zenaren ildo berari jarraitzen dio, nahiz eta bi enpresak bideragarriak izan", salatu du sindikatu abertzaleak, ohar bidez.
LABen arabera, Guardianek "aspaldi hartutako erabaki bati erantzuten dio itxiera honek". "Ibilbide orri batekin ari da enpresa. Jarduera errentagarrienak deslokalizatzen hasi zen, eta ondoren, Glavistaren zatia putre funts bati saldu zion".