Ekonomia -
AKORDIOA
Adostu dituzte Ertzaintzan 13 urteko gatazkari buru emango dion akordioaren oinarriak
Lehen aldiz sinatuko dute hitzarmena 2012az geroztik, soldata-igoera orokorrarekin eta produktibitate berriekin. Orain akordioa ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuetako afiliatuek bozkatu beharko dute. Euspel sindikatua eta 'Ertzainak borrokan' kolektiboa akordioaren aurka agertu dira.
EITB MEDIA
2025-2028 legegintzaldian giltzarri izango den akordioaren oinarria adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzako sindikatuen gehiengoak; hortaz, buru eman diote hitzarmen kolektiborik gabeko hamarkada bat baino gehiagoko boladari. Itun hori onuragarria izango da eragileentzat eta herritarrentzat, soldata, gizarte eta lanbide hobekuntzak aurreikusten baititu.
Hain zuzen ere, ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek babestu dute akordioa, hau da, ordezkarien hiru laurden dituzten sindikatuek. Orain akordioa sindikatu horietako afiliatuek bozkatu beharko dute.
Akordioaren arabera, guztira 45 milioi euroko inbertsioa egingo da 2028ra arte.
Segurtasun Sailak adierazi duenez, akordioaren helburua da Ertzaintzak herritarrei ematen dien zerbitzua "hobetzea eta modernizatzea".
Azken lan hitzarmena 2013koa da, eta hori berritzeko negoziazioak 2022an hasi ziren. Dena dela, Segurtasun Sailak berriz ekin zien elkarrizketei legegintzaldi honen hasieran.
Besteak beste, puntu hauek adostu dituzte aldeek:
- Urtean gutxienez 4.200 euroko soldata igoera
- Etengabeko prestakuntza sustatzeko garapen profesionalaren osagarria
- Entrenamendu ebaluagarriak areagotzea, hobeto prestatutako ertzainak izateko
- Herritarrenganako hurbiltasuna eta arreta hobetzea, herritarren salaketak kalean bertan hartu ahal izateko gailu mugikorrekin
- Ikerketan espezializatzea, kasuak ahalik eta eraginkortasun handienarekin ebazteko
- Inteligentzian espezializatzea, egungo gizarteak planteatzen dituen erronka eta mehatxu berriei aurre egiteko
- Produktibitateak (gauak, jaiegunak…) eta beste osagarri batzuk parekatu egingo dituzte Eusko Jaurlaritzaren gainerako funtzionarioekin
- Produktibitate eta baimen berriak sortuko dituzte
- Urtean 50 orduko poltsa sortuko da gaixorik dauden senideak zaintzeko
- Materialak berrikusi egingo dituzte, eta lan-taldean sortuko dituzte
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak akordioa "garrantzitsutzat" jo du, "lan-hitzarmena berritzeko" eta Ertzaintzaren "antolaketa modernizatzen eta azkartzen" jarraitzeko balioko duelako. Oinarriak "elkarrizketarekin" eta bi aldeen "borondatearekin" adostu ondoren, konpromisoa da "ahalik eta lasterren" hitzarmen batean "jasotzea".
Zupiriaren hitzetan, "bitarteko puntu bat aurkitu da sindikatuek beren lan-baldintzak hobetzeko hitzarmen kolektibo bat lortzeko egindako eskaeren eta Ertzaintza modernizatzen jarraitzeko Sailak planteatzen dituen segurtasun beharrizanen artean, egoera berrietara eta bizitzen ari garen garaietara egokitu dadin, antolaketa hobetuz, zerbitzu hobea emateko".
Ohar batean, ERNEk, ESANek eta SIPEk, Ertzaintzaren Batasun Sindikala osatzen duten sindikatuek, azaldu dute "negoziazio lan luzea" egin dela, eta haien ustez, ezin da gehiago luzatu.
"Negoziazio orotan bezala, hobetzeko puntuak daude, baina hainbat puntutan gure helburuak lortu ditugu", adierazi dute, eta Segurtasun Sailarekin etorkizunean akordio bat lortzeko oinarriak finkatu direla gaineratu dute. Izan ere, "lan tekniko handia geratzen zaio akordio horri itxitzat eman dadin, afiliatuei helarazteko, eta akordio egoki bihurtzeko".
Ertzainei kontsultatzeko konpromisoa beteko dutela eta azken akordioa afiliatuei helaraziko dietela ziurtatu ondoren, Batasun Sindikaleko kide bakoitzak bere kontsulta mekanismoak antolatuko dituela eta ertzainei azken akordioari buruzko informazio guztia emango zaiela azaldu dute, botoa eman aurretik edukiaren berri izan dezaten.
Euspel eta 'Ertzainak borrokan', akordioaren kontra
Euspel sindikatua eta 'Ertzainak borrokan' kolektiboa akordioaren aurka agertu dira, eta datorren astelehenerako Bilbon deitutako manifestazioari eutsi diote, "akordio duin baten alde".
'Ertzainak borrokan' kolektiboak salatu duenez, 125. Mahaiaren bileran ez da akordioaren oinarrizko dokumentua garatu, eta "ustezko hobekuntza batzuk 2028an amaituko dira".
"13 urte daramatzagu erosteko ahalmena galtzen. Orain 6.800 ertzain inguru ditugu 8.000en lana egiten, eta saldu egin gaituztela sentitzen dugu", argudiatu dute, hilaren 27ko manifestazioari eusteko arrazoiak berretsiz; izan ere, "sareak sutan daude", eta ertzainak "oso haserre".
Euspeletik ere antzeko adierazpenak egin dituzte, eta salatu dute gaurko 125. Mahaiaren aurreko bilera batean dokumentu bat aurkeztu zietela, berretsi eta ados ager zitezen, "ez negoziatu ahal izateko".
Gainera, ziurtatu duenez, Batasun Sindikalak iragarritako soldata igoera "2028an gauzatuko den 4.200 euro gordineko igoera lineala da, ez 2025ean".
"Hori parekatzearen aurka doa; izan ere, lau urte barru, 2028 amaitzen denean eta hori lortzen dugunean, iristen dela suposatuz, Euskadiko gainerako poliziek arrakala handitu eta batarekiko eta bestearekiko are alde handiagoak markatuko dituzte", azaldu du.
Halaber, erantsi du sindikatuko afiliatuek ez dutela akordioa bozkatuko, ez baitakite "ez zenbat igoko den aparteko ordu bat, adibidez, lan-bizitzan eta bizitza pertsonalean eskatuko dieten ahalegin neurrigabea kontuan hartuta".