Ekonomia -
Omnibus dekretua bertan behera
Zer gertatuko da orain garraio publikoaren deskontuarekin?
Erabiltzaileek ez dute berehala igarriko garraio gehienetan prezioaren igoera, operadore askok deskontuari behin-behinean eustea erabaki baitute, egoera argitu arte. Renfen, aldiz, prezioak ostegunetik aurrera igoko dira.
EITB Media
Omnibus lege-dekretua indargabetuta, besteak beste, garraio publikoko deskontuak bertan behera gelditu dira, eta horrek ziurgabetasuna eragin die erabiltzaileei, baita garraio publikoko operadoreei eta erakunde autonomikoi ere.
Oscar Puente ministroak ziurtatu duenez, dekretua indargabetuta, ostegunetik aurrera ez da beherapenik izango garraio publikoan, eta erabiltzaileek tren-, metro- eta autobus-txartelak lehengo prezioan erosi beharko dituzte.
Hala ere, EAEn, operadore eta erakunde gehienek erabaki dute deskontuari behin-behinean eustea, egoera argitu arte eta Espainiako Gobernuak aurrera begira zein asmo duen jakin arte.
Hala, Euskotrenek, Bilboko eta Gasteizko hainbat tren-lineen eta tranbien operadoreak, besteak beste, baieztatu du oraingoz % 50eko deskontua mantenduko duela egoera argitu arte, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailetik baieztatu dutenez.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (Lurraldebus, Dbus...) eta Arabakoaren (Alava Bus) menpeko garraioek ere aldi batean % 50eko deskontua mantenduko dute.
Bizkaian, Metro Bilbao eta Bizkaibus erabiltzeko txartelek % 50eko deskontua bermatuta daukate otsailaren 20ra arte. Bilbobus erabiltzeko txartelek ere bai, baina ez dago argi noiz arte.
Prezioa ostegun honetatik aurrera igoko da Espainiako Gobernuaren menpeko garraioetan, hala nola Renfen eta Estatu barruko busetan. Hori bai: dagoeneko jaulkita dauden hiruhilekoko abonuak apirilera arte erabili ahal izango dira.