Ekonomia -

Bankuak

Sabadell bankuak Alacant utzi eta bere egoitza Kataluniara itzultzeko erabakia ofizialki hartu du

Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak esan du "albiste ona" dela. Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak, aldiz, erabakia "ahultasun eta akzioak erosteko eskaintza oldarkor baten testuinguruan" kokatu du.

Sabadell bankuaren egoitza, Bartzelonako Diagonalean. Argazkia: EFE
Sabadell bankuaren egoitza, Bartzelonako Diagonalean. Argazkia: EFE
Sabadell bankuaren egoitza, Bartzelonako Diagonalean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sabadell bankuaren Administrazio Kontseiluak gaur arratsaldean onartu du bere egoitza soziala Kataluniara itzultzea, zehazki, Sabadellgo (Bartzelona) Sant Roc plazako 20. zenbakira, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari igorritako ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Horrela, erakundea Kataluniara itzuliko da, 2017ko urriaren 5ean egoitza soziala Alacantera lekualdatu ondoren, Kataluniako prozesu independentistan murgilduta. BBVAk Sabadellen gainean egin nahi duen erosteko eskaintza publikoak markatutako testuinguruan hartu da itzultzeko erabakia orain.

Bankuak ohar batean azaldu duenez, "jada ez dira betetzen Alacantera lekualdatzea eragin zuten inguruabarrak", eta azpimarratu du erabakiak ez duela inolako ondoriorik izango erakundeko bezeroentzat eta profesionalentzat, egungo lantokiari eutsiko baitiote.

"Akziodunei dagokionez, Akziodunen Batzarra Sabadell hirian egingo da aurten", jakinarazi du.

Sabadell bankuaren Bartzelonako egoitza. Argazkia: EFE

Sabadell bankuaren Bartzelonako egoitza. Argazkia: EFE

Egoitza aldaketa Salvador Illa sozialistaren Generalitatearekin (joan den 2024ko udan eskuratu zuen) gertatuko da.

Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak uste du itzulerak "zentzu handia" duela Katalunian izan den "normalizazio" prozesuagatik. Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroak erabakiarekiko "errespetu osoa" agertu du.

Salvador Illa Generalitateko presidenteak esan du "albiste ona" dela, eta pozik agertu da. "Uzten badigute, apaltasunez eta errespetuz diot, bide onetik goazela baieztatzen du honek", gaineratu du Illak.

Valentziako Generalitateak azaldu duenez, "enpresaren erabakia errespetatu besterik ezin du egin, egoitza nahi duen lekuan finkatzeko askatasuna baliatuta". Hala ere, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak erabakia "ahultasun eta akzioak erosteko eskaintza oldarkor baten testuinguruan" kokatu du.

Sabadell Kataluniara itzultzeko erabakia hartzen duen Ibex35 indizean kotizatutako lehen enpresa da. Europa Pressek gaur galdetuta, 2017an Kataluniatik atera ziren beste enpresa handi batzuek (CaixaBank, Criteria, Cellnex, Naturgy eta Planeta, besteak beste) uko egin diote balizko itzulerari buruzko adierazpenik egiteari.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Valentziako Erkidegoa