Ekonomia -
Enpresaren itxiera
Guardianeko langileek datorren astelehenean erabakiko dute greba mugagabea hasiko duten ala ez
Asteleheneko bileran, langileei jakinaraziko zaie "zer egin daitekeen Guardianen plana gelditzeko". Aukeren artean, lanuzteak proposatuko dituzte, "multinazionalaren erabakiarekin bat ez datozela erakusteko".
EITB MEDIA
Guardian Glass multinazionalaren enpresa batzordeak, ELAk eta LABek osatua, greba mugagabea abiatzea proposatu die langileei, Laudioko lantegiaren itxieragatik protesta egiteko. Hain zuzen ere, datorren astelehenean, hilaren 27an, erabakiko dute beharginek protesta mugagabea hasi edo ez.
Horretarako, bilera deitu dute, eta orduan egingo dute bozketa. Enpresa batzordeak langileei azalduko die "zer egin daitekeen Guardianen plana gelditzeko". Aukeren artean, lanuztea proposatuko dute, "multinazionalaren erabakiarekin bat ez datozela erakusteko".
Baiezkoa aterako balitz, otsailaren 2an hasiko lukete greba, AEBko multinazionalak iragarri baitu otsailaren 3an itxiko duela Laudioko lantegiko labea.
Salatu dutenez, "azkar eta atzera egiteko aukerarik eman gabe" gauzatu nahi dute erabakia. "Behin labea itxita, enpresan sartzeko aukera galtzen dute beste inbertitzaile batzuek", adierazi dute.
Hartara, litekeena da lehen kaleratzeak martxoan egitea, lantegia ekainean zarratuko duten arren.