Ekonomia -
Itxiera
Guardianek urtarrilaren 29ra aurreratu du Laudioko lantegiko labearen itxiera
Hasiera batean, labea otsailaren 3an itzaliko dutela iragarri zuen konpainiak. Ondorioz, enpresa-batzordeak langileei greba mugagabea hilaren 30ean hastea proposatuko die astelehenean. Gainera, elkarretaratzea deitu du hilaren 29rako, lantegiaren sarreran, 07:00etatik 10:00etara.
EITB Media
Guardian Glasseko enpresa-batzordeak zuzendaritzaren ohar bat jaso du labea itzaltzeko operazioa urtarrilaren 29ra aurreratzen dela jakinarazteko, Laudioko (Araba) lantegiko beharginen ordezkariek ohar labur batean azaldu dutenez. Hasiera batean, labea otsailaren 3an itxiko dutela iragarri zuen konpainiak.
Ondorioz, langileen ordezkariek proposatuko dute greba mugagabea hilaren 30ko 00:00etatik aurrera abiatzea, legezko epeak errespetatuz. Era berean, elkarretaratzea deitu dute hilaren 29rako, lantegiaren sarreran, 07:00etatik 10:00etara.
Arabako lantegiko enpresa-batzordeak datorren astelehenean planteatuko die beharginei greba mugagabea deitzeko aukera, eta ziurrenik langileek berretsiko dute.
Greba mugagabea da langileei "mahai gainean jarriko zaien tresneetako bat", eta astelehenean eman beharko dute iritzia, batzarrean, batzordeak planteatuko dizkien aukerei buruz.
Sindikatuetako iturriek baieztatu dutenez, datorren astelehenean emango dute "bide-orriaren" berri, zuzendaritzak urtarrilaren 29an labea itzaltzeko egindako iragarpenari erantzunez, eta, ondoren, oraindik zehazteke dagoen egun batean, fabrika ixteko.
Labea itzaltzeak lantegia behin betiko ixteko epeak azkartu ditzakeen beldur direla adierazi dute langileen ordezkariek. Hasiera batean, lantegia sei hilabete barru ixtea aurreikusita zegoen.