Ekonomia -
Sententzia
Konstituzionalak 26 asteko amatasun-baimena aitortu dio familia gurasobakarreko ama bati
Ohiko baimeneko 16 asteei beste 10 gehitu zaizkie, guraso biko familien kasuan bigarren gurasoak har ditzakeenen parekoak (jaio eta hurrengo 6 asteak alde batera utzita). Horrela, guraso bakarreko familietan jaiotako haurtxoekiko diskriminazioa saihesten da auzitegiaren arabera.
EITB Media
Auzitegi Konstituzionaleko Lehen Salak alaba bakrarrik hazten ari den ama kantabriar bati 10 asteko amatasun-baimena onartu dio, jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko 16 asteko prestazioaz gain, bi gurasoko familien seme-alabekiko tratu-desberdintasunik izan ez dezan haurrak.
Emakumeak haurraren jaiotzagatiko baimena luzatzeko eskaera egin zuen, familia gurasobakarreko ama zein heinean, eta Gizarte Segurantzaren Kantabriako Zuzendaritza Probintzialak ukatu egin zion eskaera hori. Orain, 2025eko urtarrilaren 13an emandako epaiaren arabera, Konstituzionalak ebatzi du jaiotzagatiko diskriminazioagatiko legearen aurrean berdintasunerako oinarrizko eskubideak urratu direla eta arrazoi eman dio emakumeari.
Emakumeak 2021ean Gizarte Segurantzari eskatu zion baimena 16 astetik 32 astera luzatzea alaba gainerako familien baldintza berdinetan zaindu ahal izateko, "familia-egiturak ezin baitu diskriminaziorik eragin adingabearentzat".
2021ean epaitegietara egin zuen jauzi kontuak. Orduan, Santanderreko Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak baiespen-epaia eman zuen amaren alde eta Gizarte Segurantzaren Espainiako Institutua eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak baimena 10 astez luzatzera behartu zituen.
Eskatutako 16 asteak 10era murriztu ziren, lehenengo 6 asteak aldi berean amak eta beste gurasoak partekatzen dituztela kontuan hartuta. Ondoren, Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiak berriro berretsi zuen baimenaren luzapena eta Gizarte Segurantzako erakundeen aurkako epaia eman zuen. Erakunde horiek Auzitegi Gorenera jo zuten 2023an.
Auzitegi Gorenak ezeztatu zuen epaia, eta, USO Cantabriak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "adingabea jaiotzeagatik eta zaintzeagatik ematen den prestazioa kontribuzio-izaerakoa da, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartutako pertsonak dira onuradunak". Hori dela eta, ondoriozta daitekeenez, "ohikoa da bi gurasoko familietan gurasoetako batek bakarrik baliatzea prestazioa".
2024an, babes-errekurtsoa jarri zen Auzitegi Konstituzionalean, eta, hark azkenean ebatzi du, baimen hori ematen ez bada "guraso bakarreko eta bi gurasoko familietan jaiotako haurren arteko tratu-desberdintasuna gertatzen dela jaiotzagatik; izan ere, guraso bakarreko familietan jaiotako haurrek bi gurasoko familia batean jaiotakoek baino zaintza-denbora laburragoa jasoko dute, nahiz eta premia berdinak izan".
Hori dela eta, Konstituzio Auzitegiak jarduketak Gizarte Segurantzaren hasierako ebazpenaren aurreko unera atzera eramateko agindu du.
USOren ustez, epai hori "oso garrantzitsua da, familia gurasobakarretan jaiotako haurren diskriminazioarekin amaitzen baita, eta hemendik aurrera Kantabriako Gizarte Segurantzak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emango dituzten baimenak emateko irizpidea finkatzen du, inolako zalantzarik gabe".