Ekonomia -
FUNTZIONARIOEN OSASUN AUKERA
Mufacek osasun hitzarmenaren baldintzak aldatuko ditu eta Adeslasek bere jarrera berraztertuko du
Adeslas aseguru-etxeak adierazi duenez, Mufacek zerbitzuaren lizitaziorako "proposamen egokia" aurkezten badu, ez aurkezteko hartutako erabakia "berriz aztertuko" luke, eta "Mufacen jarraitzearen aldeko beharrezko urratsak emango lituzke".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorrak Mufaceko itunaren bigarren lizitazioaren baldintzak aldatzera erabaki du, eta, beraz, astelehen honetan, urtarrilak 27an, amaitzen zen eskaintzak aurkezteko epea ondoriorik gabe geratuko da.
Mutualitateak adierazi du epe berri bat adostuko dela eskaintzak aurkezteko, eta, gai hori konpontzen den bitartean, mutualista "guztiek", titularrek zein onuradunek, egungo osasun arreta bera jasotzen jarraituko dutela.
Mutuak iragarpena egin eta berehala, Adeslasek ohar batean jakinarazi du joan den astean hainbat harreman izan zituela Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioarekin, eta elkarrizketa horien ondorioz "aurrerapen esanguratsuak" egin zirela, egungo egoera konpontzeko eta Mufacerako "eredu justu, orekatu eta jasangarri bat definitzeko".
"Aurrerapen horiek Administrazioaren proposamen egoki batean islatuz gero", konpainiak "egungo jarrera berraztertuko luke, eta beharrezko urratsak emango lituzke Mufacen egoten jarraitzeko", adierazi dute.
Epea luzatzen den bigarren aldia da
Mufacek abiarazitako bigarren lizitazioa zen hau, eta honekin, aseguru etxeen eskaintzak jasotzeko epea bigarren aldiz luzatzen da. Datozen hiru urteetan funtzionarioen osasun arretarako eredu dualari jarraipena emateko atzera kontaketan dago Gobernuaren eta aseguru etxe horien arteko negoziaketa. Izan ere, orain arteko sistema dualarekin, osasun publikoaren edo pribatuaren artean aukera baitezakete funtzionarioek eta negoziaketa honetan, beste hiru urterako luzatu nahi da eredu hori.
Itunerako baldintzak ikusita, DKVk eta Adeslasek, gaur egun 1,5 milioi onuraduni (funtzionarioak eta horien familiak) zerbitzua ematen dieten bi enpresek, jakinarazi zuten ez zirela lehiaketara aurkeztuko, Mufacek eskainitakoak "galerak eragingo zizkiela" argudiatuta.
Baldintzen arabera, mutualista bakoitzeko urteko batez besteko 1.032,12 euroko prima ordaintzen zuen Gobernuak eta 1.262,28 eurokoa izatea 2027an aurreikusten zen.
Asisa zen lehian jarraitzen zuen enpresa bakarra eta urtarrilaren 27an amaitzen zen eskaintza bat aurkezteko epea. Duela astebete, Asisak lizitazioaren inguruan egindako kontsulta bati erantzun zion Gobernuak, eta argitu zuen kontzertu berrira lotzen diren aseguru-etxeak konpentsatuko dituela, baldin eta kasu jakin batzuetan, zerbitzua ematearen kostuan "aldaketa esanguratsuak" badaude.
Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroa "baikor" eta "ia ziur" agertu zen atzo, kontzertua aurrera ateratzeko akordio bat egongo zela eta gaur iritsi da epea luzatzen denaren albistea.
Ereduari buruzko eztabaida ireki da
Kontratu berri honetaz harago, Mufaceren inguruan piztu den krisiak eztabaida ireki du Estatuak funtzionario publikoentzako mediku-aseguru pribatu bat kofinantzatzea sistema egokia den edo ez argitzeko.
Gobernuko bi kideak ere ez daude ados. Sumarrek funtzionarioentzako osasun-arreta pribatua pixkanaka iraungitzea planteatzen zuen, adibidez, bere hauteskunde-programan eta horren inguruko txosten bat argitaratu berri du Sumarren esku dagoen Osasun Ministerioak.
PSOErentzat, Oscar Lopez Funtzio Publikoko ministroaren arabera, eztabaida hori zilegi da, baina hurrengo hiru urteetarako egoera konpondu ondoren egin behar da.
Gatazka azaleratu zenetik igaro den denboran, sindikatuek eredu horrekin jarraitzea eskatu dute, ez baitute "pribilegiotzat" jotzen. CCOOk eta UGTk ahalegina eskatu diete Gobernuari eta aseguru-etxeei itunaren jarraipena bermatzeko, eta, modu gogorragoan, CSIFek greba-deialdi bat iragarri du lizitazioa hutsik geratzen bada.
Beste sindikatu batzuek (ANPE, FEDECA, SIAT, SPP, SUP, UFP, USIE eta USO) plataforma bat sortu dute zerbitzu horren jarraipena defendatzeko.