Ekonomia -
LANTEGIAREN ITXIERA
Eusko Jaurlaritza "harrituta eta haserre", Guardianeko labea lehenago itxiko dutelako
Astearterako deitutako bi aldeen arteko "bilera egin aurretik, lantegiaren jardueraren etorkizuna hipotekatu dezakeen erabakirik ez hartzeko" eskatu dio Jaurlaritzak enpresari. Langileek astelehen honetan erabakiko dute greba mugagabea hasi edo ez.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak "harridura eta ezinegona" adierazi die Guardian Glassen jabeei, labea ixtea urtarrilaren 29ra aurreratu dutelako. Hasiera batean, labea otsailaren 3an gelditzekoak ziren baina lehenago ixtea erabaki zuten ostiralean.
AEBko multinazionalaren zuzendaritzaren arabera, beira egiten duen lantegiko labea kaltetuta dago, eta, ondorioz, fabrika ezin da martxan egon. Hori dela eta, 171 langile dituen lantegia ixtea erabaki dute.
Bi aldeek bilera dute asteartean, urtarrilaren 28an, lantegia ixteko erabakiaren aurrean konponbideak aztertzeko eta Eusko Jaurlaritzak enpresari eskatu dio "ez dezala hartu fabrikaren jardueraren etorkizuna hipotekatu dezakeen erabakirik bilera egin aurretik".
Jaurlaritzak enpresari iradoki dio karga-hormarekin dagoen arazoa beroaldian egindako geldialdi batekin (Hot Hold) konpon daitekeela, edota labea kaltetuko ez dela bermatuko lukeen beste irtenbide teknikoren batekin.
Ildo horretan, "labeari buruzko edozein erabaki tekniko hartu aurretik, bi aldeek adostutako aholkularitza tekniko independente bati labearen egoera ebaluatzea eta irtenbide posibleen analisia egitea" proposatu dio Jaurlaritzak enpresaren zuzendaritzari.
"Etengabeko elkarrizketan eta elkarren arteko konfiantzan oinarritutako harremanak izateko borondatea" helarazi dio EAEko Gobernuak, "lantegia ixtearen ordez, beste irtenbide bat bilatzeko asmoz, eta enpresak jarrera bera izatea espero" duela ere esan dute.
Langileen batzarra
Laudioko enpresaren zuzendaritzak bilera batera deitu du Enpresa Batzordea astelehen honetan, 08:30ean, enpresaren egoerari buruz hitz egiteko.
Batzordeak, bere aldetik, langileen batzarrak deitu ditu 10:00etan eta 15:00etan.
Langileen ordezkariek hilaren 30etik aurrera greba mugagabea deitzeko aukera planteatuko diete langileei. Gainera, hilaren 29rako lantegiaren sarreran elkarretaratzea deitu dute.
Batzordea beldur da labea itzaltzeak lantegia behin betiko ixteko epeak azkartuko ote dituen. Hasiera batean, sei hilabete barru ixtea aurreikusi zuen zuzendaritzak.