Ekonomia -
Lan-gatazka
Haurreskolen Partzuergoko langileek greba dute gaur eta bihar, EAEko hezkuntza publikoko mobilizazioen baitan
Ostegun eta ostiralean, aldiz, sukalde eta garbiketako langileen txanda izango da. LABek, Steilasek, ELAk eta CCOOk EAEko hezkuntza publikoko beharginen lan hitzarmenak berritzeko deitutako grebak dira.
agentziak | eitb media
LABek, Steilasek, ELAk eta CCOOk deituta, EAEko hezkuntza publikoko Haurreskolen Partzuergoko, sukaldeko eta garbiketako langileek greba egingo dute aste honetan. "Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!" lelopean, haur-eskoletako langileek asteartean eta asteazkenean, urtarrilaren 28an eta 29an, egingo dute greba; eta garbiketako eta sukaldeko langileek ostegunean eta ostiralean, hilaren 30ean eta 31n.
EAEko hezkuntza publikoaren sektorean deituta dauden 12 greba egunetako hirugarrena, laugarrena, bosgarrena eta seigarrena dira. Hurrengoak otsailaren 12an, 13an, 19an, 20an, 26an eta 27an izango dira.
Aurreko bi greba deialdietan unibertsitatez kanpoko irakasleak zeuden deituta, eta sindikatuek azpimarratu zuten % 75eko "jarraipen zabala" izan zutela, baina Hezkuntza Sailak % 47-48ra jaitsi zuen datua.
Mobilizazio horien bidez (oraindik zehazteke daude manifestazioen ordutegiak eta lekuak), besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak aldarrikatu nahi dituzte.
Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu behar duela azaldu dute sindikatuek, beharginen lan-baldintzak hobetzeko eta "eskola publikoa erdigunean kokatzeko".
Sindikatuek gogorarazi dute grebara deitutako kolektiboen lan-hitzarmenak iraungita daudela, eta, zehazki, Haurreskolen Partzuergoko eta sukalde eta garbiketa langileen hitzarmenak 2009koak direla, eta irakasleenak, 2010koak.
Sindikatuek kolektiboei egokitutako aldarrikapen zehatzak dituzte, baina zazpi eskaera komun adostu dituzte, hala nola "gero eta handiagoak diren lan-kargak arintzeko neurri zehatzak, plantillak gaztetzeko egitasmoa aurrera eramatea erretiroa aurreratzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa egonkortzeko eta bermatzeko zentro publikoen fusioen eta itxieren aurrean".
Era berean, hezkuntza politikak martxan jartzea eskatzen dute, "hezkuntza-sistema publiko osoa euskalduntzeko, beharginen lan-osasuna zaindu eta bermatuko duten azterlan eta neurri adostuak ezartzeko eta berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jar ditzaten".
Aste honetako greben kasuan, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimo hauek ezarri ditu:
- Zuzendaritza taldeko kide bat eta haren menpeko langile bat goizeko txandarako eta beste bat arratsaldeko txandarako, halakorik bada.
- Irakasle bat, hezkuntza-etapa bakoitzeko (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa).
- Haur Hezkuntzako etapetan, bai 1. ziklokoetan, bai 2. ziklokoetan, eta Lehen Hezkuntzako etapan, etapa bakoitzean matrikulatutako 100 ikasleko irakasle bat gehituko da dagokion etapan.
- Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, ikasgeletan egon ohi diren langileen % 50 egon beharko da.
- Egunero garbitu behar dira zoruak, piletak, komunak eta bainugelak, eta hondakin organikoak jaso eta kendu. Lanok zerbitzu hori eman ohi dituzten langileen % 50ek egingo dituzte, eta inoiz ez da izango eguneroko lanaldia baino luzeagoa.
- Jantoki zerbitzua bermatuko da, sukalde zerbitzua ematen duten Hezkuntza Saileko langileak dauden ikastetxeetan bertan erraz prestatzen diren elikagaiak prestatuz. Aurreko eginkizun horiek sukaldeko langileen % 10ek beteko dituzte.
- Haur-eskoletara sartzeko kontrola bermatzeko, ikastetxe bakoitzeko, koordinatzaile bat edo bere ordezkoa izango da.