Ekonomia -
ITXIERA MAHAI GAINEAN
Guardianeko langileek mobilizazioak egingo dituzte, lantegia itxi ez dezaten
Goizeko txandako langileek aho batez erabaki dute ostegunean grebari ekitea. Gainera, elkarretaratzea egingo dute asteazkenean, labea itzaltzeko lanak oztopatzeko asmoz. Bestalde, itzaltzea behin-behinean gelditzeko kautelazko neurriak eskatu dizkio ELAk EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari.
EITB MEDIA
Guardian Glass multinazionalak Laudion (Araba) duen lantegiko beharginek "aho batez" erabaki dute gaur goizean ostegunetik aurrera greba mugagabeari ekitea, iragan astean zuzendaritzak itxiera iragarri ondoren.
Langileek bi bilera egin dituzte astelehen honetan (bata, goizez eta bestea, arratsaldez), egoera aztertzeko. Izan ere, enpresaren zuzendaritzak labea aurreikusitakoa baino lehen itzaltzea erabaki du, asteazken honetan, alegia. Beharginek enpresa-batzordeari babesa eman diote.
AEBko multinazionalak joan den astean iragarri zuen lantegia sei hilabeteko epean itxiko zuela, "labeaaren karga-horman aurkitutako kalte kritiko berri eta ezusteko baten ondorioz, eta kalte horrek konpainiari modu seguru eta fidagarrian lanean jarraitzea galarazten dio". Itxierak 171 langile kaleratzea ekarriko du.
Enpresa-batzordeak langileekin aztertu du egoera hori, eta berretsi egin du greba mugagabea hasiko dutela ostegunean. Gainera, elkarretaratzea egingo dute asteazkenean, labea ixteko prozesua hasiko den egunean. Hasiera batean otsailaren 3rako zegoen aurreikusita labea ixtea.
Batzordeak espero du ordurako Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ELA sindikatuak neurri hori kautelaz eteteko egindako eskaerari buruzko erabakia hartuta izatea.
ELAk azaldu duenez, itzalaldi hori gertatuz gero, "atzeraezina" izango litzateke, eta uste du ez diotela multinazionalari utzi behar lantegia etorkizunik gabe uzteko asmoa gauzatzen.
Hurrengo orduetan AEBko multinazionalak labea geldiaraztea galaraz dezan eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Eraikina kolapsatzeko arriskuaz ohartarazi du Guardianen langileen batzordeak
Laudioko Guardian Glasseko labea "modu jakin batean" itzaltzen ez bada "eraikina kolapsatzeko" arriskua dagoela ohartarazi du enpresa batzordeak. Are gehiago, protokoloari buruzko kezka agertu du langile batzordeak, oraindik enpresak ez duelako protokolorik prestatu eta "segur aski" labea itzali ondoren iritsiko delako. Horregatik, Lan Ikuskaritzara ere joko dute.