Ekonomia -
BIGARREN FASEA
LABek ez du Osasun Mahaiaren biharko bileran parte hartuko, dokumentu osoa errefusatu duelako
Nolanahi ere, sindikatuak 'Estrategiak' izeneko hirugarren eta azken fasean parte hartuko du, "Gobernuaren jarrera aldatzen" saiatzeko.
Agentziak | EITB MEDIA
LAB sindikatuak ez du parte hartuko biharko deituta dagoen Osasun Mahaiaren bileran, ez dagoelako ados bigarren faseko ondorio gisa jaso duten dokumentuarekin ('Ikuspegia, Balioak eta Printzipioak'), eta hori erakutsi nahi dute biharko batzarrari uko eginda.
Lehenengo fasean ere, 'Diagnostikoa' izeneko dokumentuaren bozketan, desadostasuna azaldu zuen LABek, boto partikularra emanez. Salatu dutenez, Mahaiak eta Eusko Jaurlaritzak ezkutatu egin zuten boto hura. Oraingoan, "boto partikularra ezkutatzea saihestu" nahi dute.
Dena dela, ondoren egingo den hirugarren eta azken fasera berriro batuko da LAB. 'Estrategiak' dokumentua adostu nahi da azken txanpa horretan, eta sindikatuak uste du "funtsezkoa" dela bertan egotea.
Xabier Ugartemendiak (Zerbitzu publikoen Federazioako arduraduna) eta Maider Portolesek (Osakidetzako arduraduna) osasun mahaiaren ibilbidearen inguruko balorazioa egin dute eta etorkizunera begira izango duten posizioa jakinarazi dute.
Gogorarazi dutenez, asteazken honetan bilduko da, bosgarrenez, Osasun Mahaia, eta, horrenbestez, amaiera emango zaio 'Ikuspegia, Balioak eta Printzipioak' izeneko bigarren faseari.
LABeko arduradunek adierazi dutenez, sindikatua ez dago ados bigarren fase horretako behin betiko dokumentuarekin. Izan ere, osasun-sistemaren funtsezko printzipioen artean ez dira jaso "funtsezkoak" diren gaiak.
LABek azken dokumentuan hobekuntzak sartzea lortu duela azaldu ondoren, esan dute ez daudela ados dokumentu osoarekin; izan ere, "ez da esklusibotasuna jorratu nahi sistema publikoa indartzeko ezinbesteko neurri gisa, ezta osasun-zerbitzua titulartasun publikotik eta baliabide publiko eta propioekin ematea ere, Osakidetza bere dekadentziara eraman duten arrazoi nagusietako bat pribatizazio-kanporatze politikak izan direnean".
"Gerora finkatu beharreko estrategia egokiak erabakitzeko funtsezko elementuetako bi dira", azpimarratu dute. Gainera, salatu dutenez, aurreko fasean, diagnostikoari buruzkoan, "Osasun Mahaiak eta Eusko Jaurlaritzak egon diren ahots kritikoak isilarazi eta ezkutatu nahi izan dituzte"; izan ere, "lehen fase horren amaieran publikoki adierazi zuten adostasun osoa eta zabala egon zela, baina ez zen halakorik izan, diagnostikoaren fasean LABek bere boto partikularra aurkeztu zuelako".
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari leporatu diote "boto partikular hori ezkutatzea existitzen ez den erabateko adostasuna irudikatzeko, adostasunak eraiki beharrean".
LABeko arduradunek adierazi dutenez, "metodologiari buruz alde bakarretik hartu dituzten erabakiek eta adierazpen publikoek agerian utzi dute prozesuaren atzean adostasunak irudikatzea dela nagusi".