Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Guardianeko labearen itzaltzea, Osasun Itunaren Mahaia eta lehendakaria Bruselan
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko urtarrilaren 29an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Guardianeko labearen itzaltzea: Guardian Glass multinazionalak gaur ekingo dio Laudioko lantegiko labea itzaltzeari, langileen protesten artean. Enpresa batzordeak deituta, langileak elkarretaratzea egiten ari dira 06:00etatik enpresaren kanpoaldean. Langileen ordezkariek salatu dutenez, 04:00etatik enpresaren "kanpoko pertsonak" daude lantegi barruan, labearen itxiera "kontrolatua" egiteko. Atzo, Laudioko lantegiko labearen itzaltze kontrolatua egiteko eta haren osotasuna, fidagarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko konpromisoa hartu zuen enpresak, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuarekin izandako bileran. Neurri horrek industria jarduera berria ekarriko duten inbertsore berrien sarrera erraztea du helburu.
- Osasun Itunaren Mahaia: Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua buru dela, Euskadiko Osasun Itunaren bosgarren bilera egingo da Irungo Ficoban (11:00etan). Gaurko batzarrean 'Ikuspegia, Balioak eta Printzipioak' izeneko dokumentua bozkatuko da, bigarren faseari amaiera emanez. LAB sindikatuak aurreratu du ez duela parte hartuko gaurko deituta dagoen Osasun Mahaiaren bileran, ez dagoelako ados bigarren faseko ondorio gisa jaso duten dokumentuarekin eta hori erakutsi nahi du gaurko batzarrari uko eginda.
- Lehendakaria Bruselan: Imanol Pradales lehendakaria Antonio Costa Europar Batasuneko Kontseiluko presidentearekin bilduko da Bruselan (09:30ean). Bileraren baitan Atlantikoko Makroeskualdea, kohesio-funtsak eta Europako erakundeetan euskararen ofizialtasunarekin zerikusia duten gaiak jorratuko dituzte, besteak beste. Maila goreneko bilera da, eta 2013tik egiten den lehena. Halaber, Europako Batzordeko Garraio Komisario Apostolos Tzitzikostasekin eta Teresa Ribera Europako Batzordeko presidenteordearekin ere bilduko da.