Ekonomia -
OSASUN ITUNA
Osasun Itunerako Mahaiak bigarren faseko dokumentua gaur adostea espero du Eusko Jaurlaritzak
"Estrategiak" izeneko hirugarren eta azken faseari ekin aurretik, osasun sistemaren printzipioak zehaztuko dituen "Ikuspegia, Balioak eta Printzipioak" adostuko dituzte.
EITB Media
Euskadiko Osasun Itunerako Mahaia bilera egiten ari da (11:00etan hasita), Irunen, osasun sistemaren balioak eta printzipioak zehaztuko dituen bigarren faseari amaiera emateko asmoz.
Alberto Martinez Osasun sailburuak bigarren faseko ondorioak jasoko dituen dokumentua ('Ikuspegia, Balioak eta Printzipioak') gaurko bileran adostea espero du. Batzarra hasi aurretik hedabiden aurrean egin dituen adierazpenetan azaldu duenez, "eztabaidara irekita" dagoen testua da eta alde guztiek zerbait uzteko prest egon beharko dute adostasuna lortzeko.
Sailburuaren arabera, gaurkoan dokumentua adostuz gero, Osasun Sailak hirugarren eta azken faserako dituen ('Estrategiak') proposamenak azaltzen ahaleginduko dira.
Horretarako, lantaldeak eratu asmo dituzte, "aldi berean estrategien faseari hasiera eman eta epeak bete ahal izateko".
Pasa den abenduaren 4an, Osasun Itunerako Mahaiaren laugarren bileran ez zuten lortu printzipioen gaineko akordioa ixtea eta gaurko jarri zuten hitzordua.
LAB sindikatuak ez du parte hartuko gaurko Osasun Mahaiaren bileran, ez dagoelako ados bigarren faseko ondorio gisa jaso duten dokumentuarekin ('Ikuspegia, Balioak eta Printzipioak'), eta hori erakutsi nahi du batzarrari uko eginda. Halaber, protesta egin du Ficoba atarian, 09:30ean. LABen erabakiaz galdetuta, Martinez sailburuak adierazi du sindikatuak erabaki beharko duela gaur onartuko den dokumentuak Osasun Itunerako Mahaian jarraitzea ahalbidetzen dion ala ez.
Lehenengo fasean, 'Diagnostikoa' izeneko dokumentuaren bozketan, desadostasuna azaldu zuen LABek, boto partikularra emanez. Salatu dutenez, Mahaiak eta Eusko Jaurlaritzak ezkutatu egin zuten boto hura. Oraingoan, "boto partikularra ezkutatzea saihestu" nahi dute.
Bigarren fasea amaituta, 'Estrategiak' izena jarri dioten hirugarren eta azken faseari helduko diote Osasun Itunaren Mahaian parte hartzen duten Euskadiko osasun, politika eta gizarte eragile nagusiek. LABek hirugarren fasean parte hartuko du, sindikatuak uste baitu "funtsezkoa" dela bertan egotea.