Ekonomia -
GREBA
Haurreskolen lanuzteak % 85eko jarraipena izan duela diote sindikatuek; Hezkuntzak, berriz, % 48koa dela dio
Dozeneka langilek elkarretaratzeak egin dituzte Hezkuntza Sailak Gasteizen, Bilbon eta Donostian dituen egoitzen aurrean, lan-baldintzak hobeen defentsan.
EITB MEDIA
EAEko hezkuntza publikoan deitutako 12 eguneko lanuzte-sortaren barruan, Haurreskolak Partzuergoan bigarren greba-eguna dute gaur, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek deituta. 1.500 haur hezitzaile eta kudeaketa alorreko langile daude grebara deituta. Elkarretaratzeak ere egin dituzte, 11:30ean, Hezkuntza Sailak Gasteizen, Bilbon eta Donostian dituen egoitzen aurrean.
Lehen lanuzteak bezala, bigarrenak ere "jarraipen zabala" izan duela esan dute sindikatuek, "% 85etik gorakoa". Gaur ere, deitzaileek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla eta, ondorioz, "hamarnaka haur hezitzaileri greba-eskubidea ukatu" zaiela.
Jaurlaritzak, berriz, "zentroek bidalitako datuak" kontuan hartuta, grebaren jarraipena %48,96koa izan dela azaldu du.
Zabaldu duten ohar bateratuan, LABek, ELAk eta Steilasek ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzak euren aldarriei erantzuten ez badie, mobilizazioei eutsi egingo dietela —otsailaren 12an eta 13an ere grebara deituta daude—, eta zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzari zein Haurreskolen Partzuergoari "grebak desaktibatzeko estrategiak alboratzeko" eta "proposamenak egiteko" eskatu diete. "Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu, baliabidez hornitu eta lan baldintzak hobetzea", azpimarratu dute.
Gogoratu dute "16 urtez hitzarmena eguneratu gabe" dutela.
Aldarrikapenak
Mobilizazioen bidez, besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak aldarrikatu nahi dituzte sindikatuek
Uste dute Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu behar duela, beharginen lan-baldintzak hobetzeko eta "eskola publikoa erdigunean kokatzeko".
Sindikatuek gogorarazi dute grebara deitutako kolektiboen lan-hitzarmenak iraungita daudela, eta, zehazki, Haurreskolen Partzuergoko eta sukalde eta garbiketa langileen hitzarmenak 2009koak direla, eta irakasleenak, 2010koak.
Kolektiboei egokitutako aldarrikapen zehatzak dituzte, baina zazpi eskaera komun adostu dituzte, hala nola "gero eta handiagoak diren lan-kargak arintzeko neurri zehatzak, plantillak gaztetzeko egitasmoa aurrera eramatea erretiroa aurreratzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa egonkortzeko eta bermatzeko zentro publikoen fusioen eta itxieren aurrean".
Joan den astean, unibertsitatez kanpoko zentroetako irakasleak atera ziren kalera. Datorren ostegunean eta ostiralean, berriz, sukaldeetako eta garbiketako langileak mobilizatuko dira.
Eusko Jaurlaritza
Bere aldetik, Blanca Guerrero Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak zehaztu du atzo proposamen berri bat helarazi ziela Jaurlaritzak sindikatuei, "ekimen zehatzekin eta egutegi jakin batekin". Elkarlanerako deia egin du: