Ekonomia -
OSOKO BILKURA
Bilbok lehen urratsa eman du bete-beteta dauden auzoetako pisu turistikoak mugatzeko
Erabilera turistikoko logelak (HUT) eta erabilera turistikoko etxebizitzak (VUT) parekatuko dituzte jarduera horrek gehien kaltetutako auzoetan. Hilabeteko epea ireki dute dokumentuari alegazioak aurkezteko.
Agentziak | EITB MEDIA
Ostegun honetan Bilboko Udalean egindako ezohiko osoko bilkurak, hasiera batean, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzea onartu du, ostatu turistikoei eta etxebizitza kolektiboei dagokienez. Horren bidez, erabilera turistikoko logelak (HUT) eta erabilera turistikoko etxebizitzak (VUT) parekatzen dira jarduera horrek gehien kaltetutako auzoetan (Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Matiko (Uribarri), Abando eta Indautxu eta Olabeaga).
Ostatu mota horiek bizitegi-eraikinetako lehen solairuan bakarrik ezarri ahal izango dira. HAPOren aldaketaren hasierako onarpena gobernu taldearen, EAJren eta PSEren botoekin atera da aurrera, eta oposizioko talde guztiak abstenitu egin dira.
Hemendik aurrera, hilabeteko epea ireki dute dokumentuaren berri emateko eta alegazioak aurkezteko.