Ekonomia -
ITXIERA
Arabako Aldundiak adierazi du EAEko hainbat inbertsorek Guardian erosteko interesa dutela
Balizko inbertsoreek Laudioko labearen itzaltze kontrolatua babesten dutela berretsi dute Foru Aldundiak eta EAJk. Laudioko alkateak, ordea, salatu du informazio falta dagoela.
AGENTZIAK | EITB Media
Guardian Glass multinazionalak Laudion duen lantegia bereganatzeko interesa duten hainbat euskal inbertsorerekin hizketan ari dira Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak.
Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza foru diputatuak ostegun honetan azaldu duenez, hainbat inbertsorek proiektuarekiko interesa agertu dute, baina oraindik hitz egiten ari dira eta ez dago ezer lotuta. Ildo horretan, gaur bertan bilera egingo dute balizko inbertsoreetako batekin.
Orain arte interesa agertu duten guztiak Euskal Autonomia Erkidegokoak izatea "positiboa" dela uste du foru diputatuak, baina argi utzi du lantegia irekita egotea nahi duten "guztiekin" hitz egingo dutela.
Atzo Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak esan bezala, Guardian Glassen zuzendaritzarekin labea modu planifikatuan hoztea adostu zutela azaldu du Zarate foru diputatuak.
Labea itzaltzeko modua gakoa izango da, gero ekoizpenarekin jarraitu ahal izateko.
Ildo horretan, balizko inbertsoreek Laudioko labearen itzaltze kontrolatua babesten dutela berretsi dute Foru Aldundiak eta EAJk.
EAJk gaur zabaldutako ohar baten bidez, "lasaitasuna" helarazi nahi izan die Guardianeko langileei eta Laudioko eta Aiaraldeko herritar guztiei.
Ainize Gastaka Laudioko alkateak (EH Bildu), bere aldetik, salatu du ez duela hozte prozesuari buruzko informazio zehatzik eta labearen egoerak balizko erosketa baldintzatuko lukeela.
Azkenik, LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren aurka gogor jo du, eta aurpegiratu dio "berandu eta gaizki" aritu izana.