Ekonomia -

Gerra komertziala

Trumpen muga-zergek zartakoa eragin dute burtsetan eta dolarrak gora egin du

Asiako eta Europako merkatuak gorriz tintatu dira, Donald Trumpek Kanadari, Mexikori eta Txinari muga-zergak ezarriko diela iragarri osteko lehen saioan. Dolarrak, ifrentzuan, gorako bidea hartu du, eta euroarekin parekatu da ia.

Bi tokiotar, Burtsaren kotizazioari begira. Argazkia: EFE
Bi tokiotar, Burtsaren kotizazioari begira.
Bi tokiotar, Burtsaren kotizazioari begira. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste lurrikara bat burtsetan, oraingoan Donald Trump AEBko presidenteak Txinari, Mexikori eta Kanadari % 10-25eko muga-zergak ezarriko dizkiela jakin berritan. Asiako —lehenak izan dira irekitzen— zein Europako merkatuek jaitsierekin ekin diote egunari, gerra komertzialaren atariko. 

Dibisen merkatuan, dolarrak gorako bidea hartu du, eta igoera historiko batekin, euroaren pare jarri da ia. Muga-zergapean izango diren bi herrialdeen monetak, Kanadako dolarrak eta Mexikoko pesoak, kontrako bidea egin dute, eta azken urteetako maila baxuenera jaitsi dira. Euroak ere behera egin du (2022ko azaroko mailara), % 1,18, eta 1,024 dolarrean aldatzen da, ia-ia paretsu.

Asiako burtsak behea jota geratu dira, batez ere Tokio eta Seul. Tokioko (Japonia) Nikkei indizeak % 2,66 galdu du, eta Seulgo Burtsako (Hego Korea) Kospik, % 2,52. Taiwango Burtsako indizea are gehiago jaitsi da, % 3,53ra. Kolpe txikiena Hong Kongoak jaso du, % 0,04 bakarrik galduta.

Txinako Burtsek, Shanghaigoak eta Shenzhengoak, ez dute gaur saiorik eduki, Txinako urte berriko oporrak direla eta, eta asteazkenean ekingo diote jardunari.

Europako burtsetan ere gorria nagusi. Gehienek % 1eko beherakadak izan dituzte, euroa 1,03 dolarretan kotizatzen dela.

Saioaren irekieran, Frankfurtekoa (Alemania) da denetan gehien jaitsi dena: % 1,95. Ondotik datoz Pariskoa (% 1,88), Milangoa (% 1,54), Madrilgoa (% 1,30) eta Londresekoa (% 1,23). Euro Stoxx50 indizeak ere (Europako enpresa handienek bertan kotizatzen dute) % 1,94 galdu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Europa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa Donald Trump Merkataritza Asia