Ekonomia -
37,5 ORDUKO LAN ASTEA
Euskadiko 350.000 langileri lanaldia 37,5 ordura murriztuko diete urtea amaitu baino lehen
Espainian 12 milioi langileri eragingo die lanaldiaren jaitsierak. 37,5 ordutik gorako lan astea duten enpresek 2025eko abenduaren 31ra arteko epea izango dute neurria aplikatzeko.
AGENTZIAK | EITB Media
Soldata jaitsi gabe lanaldia astean 37,5 ordura murrizteko lege aurreproiektua onartu du astearte honetan Espainiako Ministroen Kontseiluak.
Pasa den abenduan, Yolada Diaz ministroa buru den Lan Ministerioak CCOO eta UGT sindikatuekin adostutako testua jasoko du lege-aurreproiektuak, asteko lanaldia 2025ean 37,5 ordura arte murrizteko. Patronala (CEOE eta Cepyme) akordiotik kanpo gelditu zen, lanaldi murrizketa negoziazio kolektiboaren bidez egin behar dela iritzita.
Lan Ministerioak egindako kalkuluen arabera, Espainian 12 milioi langileri eragingo die neurriak. Lan Harremanen Euskal Kontseiluak zabaldutako datuen arabera, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan sektore pribatuko 350.000 langilerengan izango du eragina. Nafarroan, 120.000 inguru izango dira.
Ministroen Kontseiluak onartu ondotik, Estatu Kontseiluaren eta Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren oniritzia jaso beharko du testuak Ministroen Kontseilura igorri aurretik. Lan Ministerioak aurreikusi du otsaila amaieran itzuliko dela lege testua Ministroen Kontseilura eta ondoren, martxoaren hasiera aldera hasiko dira tramitatzen Diputatuen Kongresuan.
Lanaldia 40 ordutik 37,5 ordura murrizteko lege proiektua uda aurretik Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzea espero du Lan Ministerioak. Hala ere, sindikatuek eta Espainiako Gobernuak adostu bezala, enpresek 2025eko abenduaren 31ra arteko epea izango dute testuinguru berrira egokitzeko.
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde denaren arabera, gaurkoa "egun historikoa" da elkarrizketa sozialaren "alaba" den araua onartu delako, nahiz eta enpresa munduaren babesik ez izan. "41 urte igaro dira lanaldia azkenekoz murriztu edo moldatu zenetik", gaineratu du.
Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroa konbentzituta dago akordioa lortuko dutela talde politikoekin lege testua onartzeko.
10.000 euro arteko isunak eta deskonexiorako eskubidea
Lanaldiaren murrizketa betetzen ez duten enpresei langileko 10.000 euro arteko isuna jarriko die Espainiako Gobernuak.
Langileek deskonexio digitalerako duten eskubide "ukaezina" indartzen du lege testuak. Horren arabera, langileak ez du ondorio negatiborik ezta errepresaliarik pairatuko lan ordutegik kanpo enpresaren mezuei eta deiei ez erantzuteagatik.