Ekonomia -

Langabezia

Langabeziak gora egin du urtarrilean Hego Euskal Herrian, abenduan baino 2.302 langabe gehiago zenbatuta

Dena dela, iazko urtarilarekin alderatuta, behera egin du langabe kopuruak EAEn (% 1,68); Foru Erkidegoan hazi egin da, gutxi bada ere (% 0,04). Afiliazioaren hileko datua ere ez da ona (% 1 inguru jaitsi da), baina 2024ko urtarrilarekin erkatuta, gora egin du, bereziki EAEn.

Lanbideren bulego bat. Artxiboko argazkia: EFE
Lanbideren bulego bat.
Lanbideren bulego bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko enplegu bulegoek 2.302 pertsona gehiago zenbatu dituzte urtarrilean lan barik, betiere iazko abenduarekin alderatuta, Espainiako Lan Ministerioak eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera.

Iazko urtarrilarekin alderatuta, ordea, bestelakoa da irakurketa, langabeziak % 1,68 behera egin baitu EAEn. Nafarroan, aldiz, gora egin du, oso gutxi izan arren (% 0,04).

Lurraldeka, Gipuzkoan izan da hazkunderik handiena (543 langabe gehiago, % 1,91 gora), eta ondotik datoz Bizkaia (1.148 pertsona, % 1,89) eta Araba (290 pertsona, %1,58 ). Nafarroak izan du igoerarik txikiena, % 1,06koa: horrenbestez, 321 pertsona gehiago daude lan gabe.

2024ko urtarrileko datuak eskuan, jaitsierak dira nagusi, eta horietan Gipuzkoa da denen buru: han jaitsi da gehien langabezia (% 1,98 behera, 586 langabe gutxiago), eta errenkadan ageri dira gainerako lurraldeak: Bizkaia (% 1,59, 997 pertsona) eta Araba (% 1,51, 285 pertsona). Foru Erkidegoa izan da langabezia datuak hobetu ez dituen bakarra, % 0,04ko igoera erregistratu eta 13 langabe gehiago zenbatu dituelako.

Datuon balorazioan, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du "ohikoa" dela urtarrilean langabeziak gora egitea, batez ere Zerbitzu sektorean, Gabonetako kanpaina amaitzen baita. Hala, horren iritzian, garrantzitsuena "urte arteko tasan dagoen joera positiboa" da.

Langabeziak gora, emakumeen eta gazteen artean

Nabarmentzekoa da iazko abenduan baino emakume gehiago daudela langabezian (% 2,89 hazi da, gizonezkoen tasaren igoera % 0,46koa izan den bitartean), baina era berean, 2024ko urtarrileko datuei erreparatuta, bilakaera hobea izan du arlo horrek: % 1,79 jaitsi da; gizonezkoena, % 1,54. Halaber, aipagarria da gazteen langabeziak izan duen igoera, baina abenduarekin alderatuta (% 5,51eko igoera) zein iazko urtarrilarekin alderatuta (% 1,91 gora).

Sektoreka, eta aurreko hilabetearekin erkatuta, sektore guztietan behera egin du langabeziak (aipagarria da eraikuntzaren eboluzio ona), Zerbitzuetan izan ezik. Gabon osteko kanpainaren ostean, 2.189 enplegu galdu dira.

Kontratazioari dagokionez, igo egin da bi alderaketan: % 4,96, abenduarekiko, eta % 1,01, 2024ko urtarrilarekiko. 

Hilabete arteko afiliazioan galerak; igoerak, urte artekoan

Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden langileei dagokienez, galerekin abiatu dute urtea EAEk eta Nafarroak. Izan ere, 13.133 kotizatzaile gutxiago erregistratu dituzte urtarrilean, abenduarekin alderatuta. Guztira, 1,3 milioi lagun daude afiliatuta. Bi erkidegoetan % 1 inguruko jaitsierak izan dira.

Dena dela, 2024ko urtarrileko datuei erreparatuta, hobera egin dute afiliazio datuek: EAEn % 2,59 hazi da, eta Nafarroan, % 1,45.

Espainiako Estatuan ere gora egin du langabeziak (38.725 pertsona gehiago behar barik), baina langabe kopurua 2,6 milioiren azpitik dago, eta azken 17 urteotako urtarrileko erregistrorik baxuena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak