Ekonomia -
Ezbehar-kopurua
Sindikatuek salatu dutenez, 64 behargin hil ziren 2024an lan-istripuan, 2023an baino bost gehiago
LABek, ESK-k, Steilasek, EHNE-Etxaldek eta Hiruk adierazi dute hildako langileen datu ofizialak hazi direla, 41etik 47ra pasa baitira. Ohartarazi dutenez, "istripuen kopuruak gora egiten jarraitzen du", eta azken 10 urteetan 612 langile hil dira EAEn eta Nafarroan.
Agentziak | EITB Media
LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek gaur salatu dutenez, lan-istripuek eragindako heriotzak areagotu egin ziren Hego Euskal Herrian iaz, baita erakundeek emandako datu ofizialetan ere. 2024ari buruzko txostenaren arabera, 64 behargin hil ziren; 2023an, berriz, 59; zifra ofizialek 47 zenbatu zituzten iaz, 2023an izandako 41ak baino sei gehiago.
LABek Bilbon duen egoitzan egindako prentsaurrekoan, bost sindikatuen ordezkariek agerraldia egin dute txostena azaltzeko. Txostenaren ondorioen artean, Inko Iriarte LABen lan-osasuneko arduradunak bozeramaile gisa azaldu duenez, iaz "2023an baino lan-istripu gehiago izan ziren, gure datuen arabera, baina, azpimarratu duenez, "datu ofizialen arabera ere".
Ohartarazi dutenez, "ezbeharren kopuruak gora egiten du etengabe", nahiz eta "zerbitzu sektorean gero eta pertsona gehiagok lan egiten dute (% 73), eta habitat horretan, printzipioz, istripu larrien tasa txikiagoa dago, hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoreetatik kanpo dago".
Azken 10 urtean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan hildako langileen kopurua gutxienez 612 pertsonakoa dela gogorarazi ondoren, Iriartek nabarmendu du "datuek berriro baieztatzen dutela sektore jakin batzuetan istripuz hiltzeko aukera gehiago daudela, hala nola basogintzan, industrian, garraioan, eraikuntzan, nekazaritzan eta arrantzan".
2024an EAEn eta Nafarroan izandako heriotzei dagokienez, txostenak aletutako datuen arabera, 19 behargin hil ziren istripu ez-traumatikotan; 18, kolpeen eta harrapaketen ondorioz (horietako 7, makinekin lotuta); 15, errepidean (in itinere edo in mision istripuak) eta 11, altueratik erorita.
Gainera, sindikatuek "sektore kritikoak" identifikatu dituzte: basogintzak hiru heriotza utzi ditu; arrantza-sektoreak, bi; nekazaritzak, hiru (bi, lur-pistetara joan-etorrietan, eta bat, traktorea iraulita); industriak, 19 heriotza (horietako zazpi, makineriari lotutako istripuetan); eraikuntzak, 11 eta garraioan 14 heriotza izan dira (horietako lau, ez traumatikoak).
Azpikontratazioa eta prekarietatea
Puntu horretan, sindikatuek azpikontratazioari eta lan-prekarietateari lotutako ezbehar-tasaren arteko harremanean jarri dute arreta, eta ondorioztatu dute fenomeno horrek langile-kolektibo horri gehiago eragiten diola.
Horrela, txostenak zenbatu du azpikontratatuta zeuden hildako langileak 10 izan zirela. Sindikatuen ustez, "azpikontratazioan izandako heriotza kopuru handia da". "Azpikontratetan osasun-araudia neurri txikiagoan betetzen baita, prekarietatearen ondorioz", eta horrek "arrisku handiagoa dakar, hain zuzen ere, prebentzio gutxien dagoen tokia delako", erantsi dutenez.
Inko Iriartek adierazi duenez, lan-ezbeharren argazkiaren arabera, "sektore batzuetan lan eginez gero, hiltzeko aukera gehiago daude, eta, beste batzuetan, gaixotasun profesionalak eta psikosozialak garatzeko aukera handiagoak daude, gero eta agerikoagoak", bereziki, sektore feminizatuetan, muturreko egoera pairatzen baitute.
"Absentismoa, ke-laino bat"
Lanbide batzuek hiltzen dutela eta beste batzuek bizitzen uzten ez dutela salatu ostean, Iriartek ziurtatu du ezbeharren eta lan-errealitatearen gaineko zifra eta azterketa horiek guztiek argi uzten dute "absentismoari buruzko diskurtsoa ke-laino bat dela eta arazo nagusia lan-arriskuak direla, patronalak legedia urratzen dituelako sortzen diren arriskuak, emaitza dramatiko horiekin".
Bestalde, baja eragin zuten lan-istripuei dagokienez, 2024an gora egin zuten, 36.057 izatetik 40.375era igaro baitziren. Aldiz, bajarik gabeko ezbeharrek behera egin zuten, 2023an 37.764 izatetik iaz 37.651 izatera.
Sindikatuen txostena enpresek eta mutuek emandako datu ofizialetan gelditzen da. Azpimarratu dutenez, guztizko datuak aurreko urteko zifrak gainditzen ditu 2024an, guztira 102.000 lan-istripu izan baitziren, eta horietatik erdiek egun bat baino gehiagoko baja eragin dute.