Ekonomia -

LANA

37,5 orduko lanaldia: nola ezarri daiteke eta noiz sartuko da indarrean

Neurria behin betiko onartuko balitz, bi modu egongo lirateke ezartzeko: batetik, eguneko lanaldia murriztea, eta bestetik, urteko librantza egunak gehitzea. Enpresa bakoitzak negoziatu beharko luke hori langileen batzordearekin.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanaldia astean 37,5 ordura murrizteko erabakiak 470.000 bat langileri eragingo lieke Hego Euskal Herrian, etxeko lanetan, merkataritzan, garraioan eta ostalaritzan aritzen direnei gehien bat. Bereziki, sektore horietako beharginek lan egiten dute ordu gehien urtean.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak atzo onartutako aurreproiektuaren arabera, gehienez 37,5 orduko lan astea ezarriko da, urteko batez besteko kopurua kontuan hartuta. Urtean 1.712 lanordu esan nahi du horrek. Egun, gehieneko kopurua 1.820 ordukoa da.

Lanordu horiek urtean zehar nola banatu eta lanpostu bakoitzean lanaldia zein modutara ezarri erabakitzea enpresa edota sektore bakoitzak erabakiko du, langileen batzordearekin adostuta.

Neurria behin betiko onartzen bada, bi modu egongo dira ezartzeko. Bat eguneroko lanaldia murriztea izan daiteke, egunero ordu erdi gutxiago lan egitea, alegia. Eta bestea, urteko librantza egun kopurua gehitzea. Hala, milaka langilek —egun gehieneko lanordu kopurua betetzen dutenek— urtean bi opor-aste gehiago izan ditzakete.

Noiz sartuko da indarrean?

Helburua da araua uda baino lehen publikatzea Estatuko Aldizkari Ofizialean, enpresek egokitzeko zenbait hilabete izan ditzaten.

Nolanahi ere, indarrean sartzeko, neurria Diputatuen Kongresuan onartu beharko da, bozketa bidez. Martxoaren hasiera alderako aurreikusten da eztabaida eta bozketa, eta ikusteko dago aurrera egiteko adina babes izango duen.

Onartuko balitz, urtea amaitu aurretik ezarri beharko lukete enpresek.

Nola ezarriko da?

Enpresek neurria betetzen dutela bermatzeko, ordutegien kontrolerako sistemak ezarri beharko dituzte. Langileen sarrera-irteerak erregistratzeko sistema digital bat ipini beharko dute, eta Lan Ikuskaritzak denbora errealean kontrolatzeko aukera izan beharko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Lana Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak