Ekonomia -
LANA
Gutxieneko soldataren gainean patronalak eta sindikatuek akordioa lortuko duten itxaropena du Jaurlaritzak
Bestalde, lanaldia 37,5 ordura murrizteko aurreproiektua begi onez ikusten duela esan du Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailburuak.
EITB MEDIA
EAErako lanbide arteko gutxieneko soldata adosteko negoziazio mahaiak bihar, osteguna, du hurrengo hitzordua. Sindikatuak (ELA, LAB, CCOO eta UGT) eta Confebask patronala Bilbon elkartuko dira, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailburua baikor mintzatu da gaiaren gainean eta aldeek akordioa lortzea espero du.
Bilbon hitz egin du Torresek, Forum Europak antolatutako gosari-informatibo batean. "Negoziazio kolektiboaren garrantzia" eta lan-harremanen "marko sendoaren premia" nabarmendu ondoren, sailburuak azaldu du gutxieneko soldata propioa adostuko den "itxaropena" duela.
Halaber, sindikatuak eta patronala elkarrekin mahai baten inguruan esertzeari balioa eman dio. "Hori da bidea, eta akordioa erdiesten badute, txalotu egingo dugu".
Buruzagi sozialistak berretsi du Jaurlaritza azterketa sozioekonomiko bat egiten ari dela gutxieneko soldatari dagokionez, eta erantsi du eskura dutenean negoziazio mahaiaren esku utziko dutela, "informazio fidagarria" izan dezaten.
37,5 orduko lanaldia
Bestalde, lanaldia 37,5 ordura murrizteko aurreproiektua bere horretan babesten duela ere esan du Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailburuak. Uste du ekimenak alde guztien babesa izateko "denbora" badagoela.
Argitu du Espainiako Gobernuak "babes neurriak" jarriko dituela martxan enpresa guztien errealitatera egokitzeko.
Zentzu horretan, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak proiektu pilotu bat duela lanaldia murrizteko. Bere hitzetan, lanordu kopurua baino garrantzitsuagoa da horiek nola banatzen diren.