Ekonomia -

Industria plana

Euskadiko industriaren defentsarako lantalde baten sorrera iragarri du lehendakariak

Lehendakariak adierazi du talde horren lanarekin osatuko dela uda baino lehen aurkeztuko den industria-plan berria. Legebiltzarreko taldeei ere eskua luzatu die, euskal industria politika eraikitzen laguntzeko proposamenak aurkez ditzaten.

Lehendakaria Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Lehendakaria Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
El Gobierno Vasco activará un grupo de acción que lidere la defensa industrial de Euskadi

0:29

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakariak Euskadiko industria defendatzeko lantalde bat sortuko dutela iragarri du. Datorren astean egingo du lehen bilera lantaldeak, eta bertan parte hartuko dute, Jaurlaritzako ordezkariekin batera, merkataritza ganberek, foru aldundiek, klusterrek eta euskal industriaren ehunaren ordezkariek.

Legebiltzarreko kontrolerako saioan egin du iragarpena Pradalesek, Joseba Diaz Antxustegik Trump berriz ere AEBko presidente izandatu ondoren zergen inguruan sortu den eszenatokiaren inguruan galdetu ostean.

"Mundua mugitzen ari da eta bloke itxietara doa, protekzionismora", aitortu du Pradalesek. "Egoerari aurrez aurre begiratu behar zaio eta Europar Batasunak eta Euskadik erabakiak hartu beharko dituzte", gaineratu du. "Iristear dagoenaren aurrean herri erantzuna" ematearen alde agertu da.

Horretarako, datorren astean industria defendatzeko lantaldea abiatuko dutela iragarri du. "Euskadik industria eta hark sortzen duen enplegua defendatzeko beharrezkoak diren mekanismo guztiak erabili behar ditu Europar Batasunarekin batera", gaineratu du.

Lehendakariaren hitzetan, ekimenak hiru helburu izango ditu: muga-zergen errealitate berriaren aurrean diagnostikoa partekatzea eta eragina jasaten duten Euskadiko sektore guztien jarraipena denbora errealean egitea; enpresei laguntzeko dauden tresnak, baliabideak eta politikak identifikatzea, eta testuinguru berriaren aurrean euskal industriarentzako gaitasunak eta aukerak indartzea.

Industria-plan berria

Lehendakariak adierazi du talde horren lanarekin osatuko dela uda baino lehen aurkeztuko den industria-plan berria. Legebiltzarreko taldeei ere eskua luzatu die, euskal industria-politika eraikitzen laguntzeko proposamenak aurkez ditzaten.

Bestalde, Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak estrategia industriala lantzen denbora galdu izana egotzi dio lehendakariari, eta plan horren azpikontratazioak sektore publikoaren lidergoaren papera "bigarren mailako posizio batera" baztertzen duela esan du.

Europari itxaron gabe, "urrats sendoak" emateko garaia dela adierazi du EH Bilduren ordezkariak, eta hiru tresna aktibatzea proposatu du: Industria Politikorako Kontseilu bat, industria-politikak bideratzeko "prospektiba ekonomikoko organo" bat eta euskal finantza-ekosistema artikulatuko duen inbertsioen euskal funtsa.

Alderdi Popularraren iritzian, beste burutazio bat da. "Beste burutazio bat da, euskal industriak alde egiten duen edo desagertzen den bitartean. Euskal enpresek zergatik alde egiten duten galdetu duzu? Euskadi berandu iritsi da trantsizio guztietara", esan du Alvaro Gotxi legebiltzarkideak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria Imanol Pradales