Ekonomia -
NAFARROA
Nano Automotivek iragarri du Tuteran duen lantegia itxi eta bertako 120 langileak kaleratuko dituela
Urtarrilaren 14tik lantegiko ekoizpenak behera egin du eta enpresa batzordeak aurreikusita zuen erabakia etorri da azkenean.
AGENTZIAK | EITB Media
Nano Automotive enpresak jakinarazi du Tuteran duen lantegia itxi egingo duela, eta, ondorioz bertan lan egiten duten 120 langileak kaleratu egingo ditu, sindikatuek jakinarazi dutenez.
Enpresa batzordeak duela gutxi azaldu duenez, urtarrilaren 14tik lantegiko hainbat ataletan ekoizpenak behera egin du, eta pixkanaka-pixkanaka langile horiek aldi baterako enplegu erregulazioan sartu dituzte.
Zuzendaritzak gaur eman die langileei ixteko erabakiaren berri, WhatsApp mezu baten bidez.
Testuinguru horretan, itxieraren erabakia berehala etorri behar zela aurreikusi zuten sindikatuek, eta azkenean horixe gertatu da. Hala ere, tarte horretan mobilizazioak eta erakundeekin bilerak egin dituzte, enpleguari eusten saiatzeko.