Ekonomia -
Europako Batzordea
Von der Leyenek adimen artifiziala garatzeko 200.000 milioi euro bideratzea espero du
Gainera, Europako Batzordearen presidenteak iragarri du 20.000 milioi euroko funts bat sortuko dutela Parisen egindako goi-bileran, Europar Batasunean lantegi erraldoiak eraikitzeko.
Agentziak | EITB Media
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri du 20.000 milioi euroko funts berri sortuko duela, Europar Batasunean lantegi erraldoiak eraikitzeko; ekarpen hori ekimen handiago batean (InvestAI) kokatu du, eta horrekin kapital publiko eta pribatuko 200.000 milioi bideratzeko asmoa du, Europar Batasuna adimen artifizialaren garapenaren buru jartzeko.
"Europa adimen artifizialaren arloko kontinente aurreratuenetako bat izatea nahi dugu, eta, onartu behar dugu teknologia hori gure bizitzan izango dela, nonahi. Adimen artifizialak gure lehiakortasuna suspertzen, gure segurtasuna babesten, osasun publikoa indartzen eta ezagutzaren eta informazioren eskuragarritasuna demokratizatzen lagun diezaguke", adierazi du Alemaniako politikari kontserbadoreak Parisen egindako goi-bileran.
Europa adimen artifizialaren lasterketan Txinaren eta AEBren "atzetik" dagoenik baztertu du Europako Batzordearen buruzagiak, "lehia amaitzetik urrun dago" eta munduko lehen postua jokoan jarraitzen du; horregatik, EBk "industriara bideratutako adimen artifiziala behar du, eta teknologia horren ahalmena produktibitateari eta pertsonei zuzentzeko".
Europar Batasunak dagoeneko hitzartu du adimen artifizialeko zazpi lantegi eraikiko dituela —bat, Bartzelonan—, eta 10.000 milioi euroko partida bat bideratuko da EBren diru-kutxetatik eta estatu kideetatik. Gainera, Bruselak aurreikusten du laster bost lantegi egiteko proiektuak iragartzea.
Testuinguru horretan, Von der Leyen bezperan egindako 150.000 milioi eurorainoko inbertsio iragarpena dela eta pozik agertu da, Europako puntako 70 erakundek eta enpresak sustatutako ekimenaren baitan. EBk, Batzordearen presidenteak esan duenez, 50.000 milioi euro gehitu ahal izango dizkio proiektu horri InvestAI tresnaren bidez.
Bruselak ohar batean azaldu duenez, lantegi erraldoi berriak adimen artifizialaren eredurik konplexuen eta handienak egiten espezializatuko dira, hau da, medikuntza eta zientzian aurrerapausoak emateko azpiegitura informatiko zabala behar duten hurrengo belaunaldiko ereduen prestakuntzan, hain zuzen ere. Azpiegitura berri horiek punta-puntako 100.000 txip inguru izango dituzte; une honetan martxan jartzen ari diren lantegiek baino lau aldiz gehiago da hori.