Ekonomia -

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Oiongo Udalak baiezkoa emango dio Labrazako parke eolikoa eraikitzeari iluntzeko osoko bilkuran

Baimen guztiak eskuan izanik, Labrazako proiektuari baiezko botoa ematera behartuta daudela adierazi du Jose Manuel Villanueva Oiongo alkateak.

Parke eoliko bat, artxiboko irudi batean. EITB Media
Parke eoliko bat, artxiboko irudi batean
Parke eoliko bat, artxiboko irudi batean. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oiongo Udaleko osoko bilkurak gaur iluntzean (20:00) baiezkoa emango dio Labrazan parke eolikoa eraikitzeko plan bereziari. Hortaz, falta zitzaion azken tramitea gaindituko du.

Labrazako parke eolikoa azken 19 urteetan Araban egingo den lehendabiziko parke eolikoa izango da. Aixeindarrek, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako sozietateak sustatutako ekimena da eta 200 metroko zortzi aerosorgailu instalatuko ditu.

Jose Manuel Villanueva Oiongo alkateak (EH Bildu) ohar baten bidez jakinarazi duenez, Udala "behartuta" dago Labrazako proiektuari baiezkoa ematera, proiektuak baimen guztiak dituelako. "Hirigintzan, espediente guztiak behar bezala badaude, lizentzia ematera behartuta gaude", gogorarazi du alkateak. Horren kontra egitea prebarikazioa litzateke.

Gaur egungo udal gobernuak (EH Bildu) proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztu zituen, baina horiek guztiak atzera bota dituzte. Udalak azaldu duenez, bere garaian txosten juridiko bat eskatu zuen eta horren arabera behartuta dago Labrazako parke eolikoa eraikitzeko plan berezia onartzera.

Bart Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Oiongo alkateak berretsi du baiezkoa emanagatik Labrazako proiektuaren aurka dagoela.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren (EAJ) arabera, "albiste ezin hobea da" Oiongo Udalak Labrazako parke eolikoari baiezkoa ematea. Halaber, eskerrak eman zizkion Oiongo alkateari, egindako lanagatik.

Bestalde, adierazi zuen EH Bilduren baitan energia berriztagarrien proiektuen aurrean jarrera aldaketa igarri duela.

Gaur azken tramitea gaindituta, sorpresarik ezean, udaberritik aurrera zortzi haize errota eraikiko dituzte Labrazako herrigunetik kilometro eskasera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia albisteak EH Bildu Gipuzkoa Albisteak Gaur Albisteak Oion Hidrogeno berdea Energia aurreztea Energia kontsumoa