Ekonomia -
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK
Oiongo Udalak baiezkoa eman dio Labrazako parke eolikoari, tentsio handiko bilkura batean
Baimen guztiak eskuan izanik, Jose Manuel Villanueva alkateak (EH Bildu) bilkura baino lehen adierazi zuen Labrazako proiektuari baiezko botoa ematera behartuta daudela. Dozenaka pertsonak udaletxearen kanpoaldean protesta egin dute, proiektuaren eta Udalaren aurka.
EITB Media
Oiongo (Araba) Udaleko osoko bilkurak baiezkoa eman dio gaur Labrazan parke eolikoa eraikitzeko plan bereziari. EAEn ia 20 urtean eraikiko den lehen parke eolikoa izango da, hain zuzen ere.
Tentsio handiko bilkura izan da: udaletxearen kanpoaldean, dozenaka pertsonak protesta egin dute proiektuaren eta Udalaren aurka, eta oihuak areto barruan entzun dira uneoro. Besteak beste, "Labraza no se vende, se defiende" (Labraza ez dago salgai, defenda dezagun), "Traidores" (traidoreak) eta "Ayuntamiento, miento, miento, miento" (Udalak, gezur) aldarriak oihukatu dituzte protestariek.
Aixeindarrek, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako sozietateak sustatutako ekimena da eta 200 metroko zortzi aerosorgailu instalatuko ditu.
Udalaren osoko bilkura 20:00etan hasi da, eta bertan proiektuaren aurka dauden zenbait herritar ere izan dira. Horiek ahoz agertu dute euren desadostasuna, eta irainak ere entzun dira udaleko kideen kontra, alde bozkatzeagatik.
Azkenean ez da ezusterik izan, eta proiektuak Udalaren oniritzia jaso du, EH Bilduren, EAJren eta PPren botoekin. PSE-EEren zinegotzi bakarra ez da saiora joan, proektua babesten duen arren.
Orain, parke eolikoari baiezkoa eman diote eraikitze-lanak hasteko.
Proiektuaren aurka elkarretaratzea egin duten auzokideen esanetan, proiektuak "inpaktu bisual" handia izango du herrian, errotak "Iberdrola dorrea baino altuagoak" baitira, eta aerosorgailu bat herrigunetik kilometro eta erdira egongo da.
"Baiezkoa ematera behartuta"
Udalean bikura egin baino ordu batzuk lehenago, Jose Manuel Villanueva alkateak (EH Bildu) aurreratu zuen Udala "behartuta" dagoela Labrazako proiektuari baiezkoa ematera, proiektuak baimen guztiak dituelako. "Hirigintzan, espediente guztiak behar bezala badaude, lizentzia ematera behartuta gaude", gogorarazi du alkateak. Horren kontra egitea prebarikazioa litzateke.
Gaur egungo udal gobernuak (EH Bildu) proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztu zituen, baina horiek guztiak atzera bota dituzte. Udalak azaldu duenez, bere garaian txosten juridiko bat eskatu zuen eta horren arabera behartuta dago Labrazako parke eolikoa eraikitzeko plan berezia onartzera.
Bart Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Oiongo alkateak berretsi du baiezkoa emanagatik Labrazako proiektuaren aurka dagoela.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren (EAJ) arabera, "albiste ezin hobea da" Oiongo Udalak Labrazako parke eolikoari baiezkoa ematea. Halaber, eskerrak eman zizkion Oiongo alkateari, egindako lanagatik.
Bestalde, adierazi zuen EH Bilduren baitan energia berriztagarrien proiektuen aurrean jarrera aldaketa igarri duela.
Gaur azken tramitea gaindituta, sorpresarik ezean, udaberritik aurrera zortzi haize errota eraikiko dituzte Labrazako herrigunetik kilometro eskasera.