Ekonomia -
UNESCOren ikerketa
Espainia eskola porrotaren eta gazteen langabeziaren buru, Europan
15 eta 24 urte bitarteko espainiarren 3tik 1ek ikasketak utzi ditu bigarren mailako hezkuntza hasi aurretik 2012an, eta gazteen langabeziak % 50eko muga gainditu du martxoan
Erredakzioa
Espainia Europako lehen herrialdea da eskola porrotari eta gazteen langabeziari dagokienean, UNESCOk “Hezkuntza guztiontzat” (“Educación para Todos”) urteroko ikerketan jasotako datuen arabera.
15 eta 24 urte bitarteko gazte espainiarren 3tik 1ek ikasketak utzi dituzte bigarren hezkuntza amaitu baino lehen, Europan 5etik 1 diren bitartean. Espainiako eskola porrotaren datuak “kezkagarriak” dira, batez ere “krisiak gogor astindu duen herrialdea delako eta gazteen langabeziak % 50eko muga gainditu duelako”, txostena osatu dutenen arabera.
Ikasketak amaitu ez dituzten gazte europarren langabezia-tasa “asko hazi da” 2007 eta 2009 urteen artean, Alemanian salbu, UNESCOren ikerketak aditzera eman duenez. Hala ere, “Espainia izan da Europako herrialde kaltetuena”, gaineratu du.
“Gazte europarren gaitasun gabeziak euren potentziala alferrik galtzera eta lan aukerak galtzera daramatza”, UNESCOren arabera. “Europak gazteak hezi behar ditu, gaitasun profesional egokiak dituztenak, lan esperientzia dutenak eta teknologia berrietara egokitzeko gaitasuna dutenak”.
Hori dela eta, UNESCOk praktikak bultzatzeko eta profesionalen prestakuntza hobetzeko aholkatzen die herrialdeei, gazteak lan mundurako prestatu daitezen, Alemanian arrakasta handiz egin duten bezala.