Ekonomia -
Salmenta
Gaur bukatuko da Talgoren zati bat erosteko eskaintzak egiteko epea: Sidenorrek ditu aukera gehien
Espainiako Gobernuak atzerriko lehiakideak babestuko ez dituela jakinda, PFR Poloniako funtsak eta Indiako Jupiter Wagonsek atzera egin dute, eta, oraingoz, ez dute eskaintzarik egin. Jaurlaritzak nabarmendu duenez, EAEko eskaintza "oso sendoa da", eta akordioa "datozen orduetan" hel daiteke.
Agentziak | EITB Media
Gaur, ostiralarekin, bukatuko da Trilantic funtsak Talgon duen parte-hartzea (% 29,77) erosteko interesa dutenei eskaintzak egiteko emandako epea. Zurrumurruz eta susmoz betetako astea izan da honakoa, eta, gaur-gaurkoz, Sidenorren eskaintza da aukera gehien dituena, bakarra ez bada.
Atzo bertan zenbait iturrik egintzat eman zuten operazioa, Espainiako Gobernuak atzerriko lehiakideei betoa ezarriko liekeela argudiatuta. PFR Poloniako funtsak eta Indiako Jupiter Wagons konpainiak interesa agertu dute, baina albo batera egin omen dute erakundeen babesik ez dutela ikusita. Garraio Ministerioak ez du albistea baieztatu nahi izan, baina Espainiako Gobernuak askotan esan du bere lehen aukera Sidenor izan dela hasieratik.
Zabaldu denaren arabera, Talgoren akzioko 5 euro eskaintzekotan zegoen Poloniako PFR funtsa, konpainiaren truke guztira 620 milioi euro ordainduta. Hungariako Magyar Wagon enpresak eskainitakoa parekatzea litzateke, baina Espainiako Gobernuak errefusatu egin zuen "segurtasun nazionaleko arrazoiak" argudiatuta.
Jupiter Wagons Indiako tren-fabrikatzaileak ere erakutsi zuen Talgorekiko interesa, baina ehunekoa edo prezioa zehaztu gabe. Dena dela, Espainiako Gobernuaren erreparoak ikusita, eskaintzarik ez egitea ebatzi omen du, betiere hainbat hedabideren arabera.
Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak egindako eskaintzak Finkatuz EAEko funts publikoaren eta BBK eta Vital Kutxa fundazioen babesa du. Akzioko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu du. Horri, gainera, 0,65 zentimoko aldagarria gehitu beharko zaio, 4,80 eurora igotzeraino, betiere hainbat baldintza betez gero.
Zurrumurruen zurrunbiloa tarteko, asteon oso gorabeheratsua izan da Talgoren kotizazioa Burtsan. Atzo % 9,28ko jaitsiera batekin amaitu zuen saioa (akzioa 3,91 euroan). Bezperan, baina, % 4,2 igo zen, akzioko 4,31 euroraino.
Sidenorrek Trilanticen parte-hartzea erosita, Talgoren beste zati bat beste akziodun batzuen esku egongo litzateke, eta baliteke hor salmentarako bigarren aukera bat zabaltzea.
Talgo, jatorriz, euskal enpresa da, lantegi handiena Ribabellosan (Araba) du, eta 700 beharginek egiten dute lan bertan. Bestea Las Matasen du, Madrilen, eta 500 langile ditu.
Jaurlaritza: Akordioa "datozen orduetan" hel daiteke
Noël d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak atzo nabarmendu zuenez, Sidenorrek Talgo erosteko egindako eskaintza "oso sendoa" da, eta "gaur-gaurkoz Euskadirentzat eskaintza onena da".
Euskal Finantzen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi zuenez, espero du akordioa "datozen orduetan" heltzea.
"Amaieratik gertu egon gintezke. Eskaintzan konfiantza handia dugu. Mikel Jauregi Industria sailburuak zioen bezala, oso eskaintza sendoa da, eta orain pilota Trilanticen teilatuan dago, berak erabaki behar baitu", erantsi du.
Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren esanetan, operazioak "berebiziko garrantzia" du Arabarentzat, enplegua mantentzeaz gain, "inoiz Arabatik atera behar ez zen egoitza fiskala lurraldera itzuliko litzatekeelako".