Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Mikel Jauregik Talgori buruz: "Gaur gauzatu behar da erosketa, baina ondo gauzatu behar da"
Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak espero du Trilantic funtsaren eta Sidenor buru duen EAEko partzuergoaren arteko "akordioa berehalakoa" izatea. Bestalde, garrantzia kendu dio Talgoren presidenteordeak dimisioa aurkeztu izanari: "Hurbilketaren seinale da".
E. G. | EITB Media
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua "baikor" agertu da Trilantic funtsak eta Sidenor buru duen EAEko partzuergoak Talgoren % 29,7 erosteko akordioa erdiesteko dituzten aukeren aurrean. Horren ustez, ituna "gaur" gauzatu behar da, baita "ondo" gauzatu ere, eta akordioa "berehalakoa" dela gaineratu du.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean gogorarazi duenez, ostegunetik, Sidenorrek bere eskaintza hobetu zuenetik, bi aldeak "egunero" ibili dira negoziatzen, "egunero modu sutsuan", nabarmendu du. "Atzo goizean hitz egin genuen, eta gaueko azken orduan (...) Gaur goizean esan dugu: 'Tira, listo, hau gaur gauzatu behar da', eta horretan ari gara, baina ondo gauzatu behar da".
Albiste horren zain zegoelako sakelakoa mahai gainean zuela, sailburuak garrantzia kendu dio Jose Maria Oriol Fabra Talgoko presidenteorde eta kontseilariaren dimisioari, eta erosketaren prozesuaren parte dela zehaztu du. "Hurbilketaren seinale da", argitu du.
Gainera, laudorio eta esker oneko hitzak izan ditu Jose Antonio Jainaga Sidenorgo jabearentzat. Sailburuaren aburuz, "errotzearen aldeko apustua egin du hasieratik, Euskadin jaio eta terrorismoaren gaitzagatik Madrilera joan behar izan zen enpresak etxera itzultzeko modua izan dezan". Jauregik aitortu duenez, Jainagak erakutsitako "konpromiso pertsonalarekin oso hunkituta" geratu zen lehendakariarekin batera harekin egin zuen bilera batean.
Horren esanetan, EAEko partzuergoaren eskaintzaren proposamenetako bat Talgoren egoitza soziala Arabara itzultzea da, baina hori konpainiaren akziodunen kontseiluak onartu behar duela zehaztu du. "Egin egingo dugu, baina orain beste gauza batzuek dute lehentasuna, eta lehentasuna akordioa lortzea da", azpimarratu du.
Laudioko Guardianen geroa
Bestalde, eta Guardian Glassek Laudion (Araba) duen lantegia lau hilabeteren buruan itxiko duela eta, Jauregik jakinarazi du "lau inbertitzailek interesa agertu" dutela. "Hiru Euskadikoak dira eta laugarrena atzerrikoa da", zehaztu du, eta gaineratu proiektuetako bat "oso aurreratuta" dagoela. Azaldu duenez, Jaurlaritza "bilera diskretuak" egiten ari da inbertitzaileekin, multinazionalak bitartekari lanak egiteko eskatu ziolako.
Sailburuak "enpatia eta hurbiltasuna" agertu dizkie Guardian konpainiako langile eta familiei, baina "gauzak ondo egin" behar direla nabarmendu du.
"Garai konplexua da, baina aukera ere bada"
Donald Trumpek mundu osoari, eta bereziki Europar Batasunari, gerra komertziala deklaratu diola-eta Jauregik aitortu duenez, "erabateko ziurgabetasuna da nagusi", eta "Berlingo harresia erori zenetik zegoen eredua aldatzen ari da". "Garai konplexua da", onartu du, eta Euskadin eragina duela, "nazio esportatzailea" den aldetik. Dena dela, AEBren muga-zergek eragin "mugatua" izango luketela argitu du, AEBkoak EAEko esportazioen % 1,7 direlako. "Gure esportazioen herena Frantziara eta Alemaniara bideratzen dira, eta hori da gure kezka nagusia", nabarmendu du.
Halaber, muga-zerga horiek izan dezaketen "errebote efektuaz" ohartarazi du, Indiak eta Txinak Europa "euren produktuez bete" dezaketelako. "Zeharkako eraginak" ere izan daitezkeela adierazi du, eta Kanadari eta Mexikori ezarritako muga-zergak jarri ditu horren adibide, bi herrialde horietan euskal enpresa asko daudelako.
Dena dela, "baikor" azaldu da "aukera unea" ere badela iritzita. Horren esanetan, Europak bere burua berriro industrializatu behar du, eta ingurumari horretan "Euskadi lurralde emankorra da inbertsioetarako", erantsi du.
Azkenik, pozik agertu da Labrazako (Oion) parke eolikoak argi berdea jaso duelako, eta "aukera ona" dela azpimarratu du. Gainera, aerosorgailuak Gamesak egitea espero duela adierazi du: "Dena etxean geratuko litzateke".