Ekonomia -

Lan-hitzarmena ikastoletan

LABek eta EHI eta EIB patronalek hitzarmen berria sinatu dute, ikastoletan soldatak % 15,3 igoko dituena

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletarako lan-hitzarmenaren sinadurak amaiera eman dio sindikatuak 2022an EHI eta EIBrekin hasitako "negoziazio-bide luzeari".

Ikastolen Elkartea. EHI.
Ikastolen Elkartea. EHI.
Ikastolen Elkartea. EHI.

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABek lan-hitzarmen berria sinatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastoletarako, 2022an EHI (Euskal Herriko Ikastolak) eta EIB (Eusko Ikastolen Batza) patronalekin hasitako negoziazioei amaiera emateko. Hobekuntzen artean daude, besteak beste, 0 eta 1 urteko geletako hezitzaileen soldata 2 urteko geletakoarekin parekatzea. 

LABek ohar batean azaldu ditu hitzarmenak jasotzen dituen neurri esanguratsuenak, hala nola % 15,3ko soldata-igoera langile guztientzat, urteko lanorduen murrizketa administrazioko eta zerbitzuetako langileentzat, baita Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko (0-3) eta jarduera osagarrietako hezkuntza-langileentzat ere, 1.585 ordutik 1.577 ordura eta ordaindutako 2 lanegun.

Horrez gain, hitzarmen berriaren arabera, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 23 eskola-ordu izango dira astean, jolas-orduak barne.

Gainera, testu berriak honako hauek ere jasotzen ditu: DBHn tutoretza partekatuak izatea; Hezkuntza Laguntza Espezialistentzako ordu osagarriak gehitzea; baimen berriak eta beste hainbeste baimenetan orduak gehitzea; ordezkoen lan-poltsak eskualdeka sortzea; identitateari, genero-adierazpenari eta sexu-orientazioari buruzko jazarpen-protokoloak inplementatzea, eta administrazioko, sukaldeko eta garbiketako langileen lan-baldintzak aztertzeko lan-batzordeak eratzea.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastolen lan-hitzarmenaren sinadurak amaiera eman dio 2022an EHI eta EIB patronalekin hasitako "negoziazio-bide luzeari".

Negoziazioa "ez da erraza izan"

Sindikatuak gogorarazi du 2023ko abendutik Hezkuntza Legea indarrean dagoela EAEn, eta LABek, "beste eragile batzuek bezala, ez zuen legea onartu", gaineratu du. Zehaztu duenez, legearen ingurumarian, "ekarpen eta ahalegin ugari" egin ditu sindikatuak, Hezkuntza Sailarekin 2023ko ekainean sinatu zen akordio laborala, zeinaren bitartez, LABek Hezkuntza Sailarekin hezkuntza-sistema osoko langileentzako konpromiso batzuk hartu eta sinatu baitzituen.

Konpromiso horiek negoziazio-mahai bakoitzean formalizatu eta gauzatu ziren, eta, sindikatuak azaldu duenez, Ikastoletako negoziazio-mahaira eraman ziren, eta 2024ko urtarrilean aurreakordioa sinatu zuten EHIk, EIBk eta LABek. Aurreakordioak, beste hobekuntza batzuen artean, 2027rako Ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko langileenarekin parekatzeko prozesua jasotzen zuen.

"Testuinguru horretan, negoziazioa ez da erraza izan", azaldu du sindikatuak. "Ziurgabetasuna izan da nagusi, eta hainbat unetan, denborak aurrera egin eta nahikoa edukirik ez zela ikusirik, LAB sindikatuak batzarrak eta mobilizazioak egin behar izan ditu", zehaztu dute.

Hala, 2023ko otsailean Ikastoletako langileek 5.000 gutun baino gehiago bidali zizkieten EHIri eta EIBri, negoziazio-mahaira proposamenak eramateko eskatuz, eta Lakuaren aurrean ere elkarretaratzea egin zuten. Horien hitzetan, "LAB sindikatua saiatu da ingurumari nahasi horretan erronka horiei guztiei aurre egiten langileak antolatuz, borroka eginez, irudimenez, negoziazio-mahaira ekarpenak eta alternatibak eramanez", eta azpimarratu dute "horren guztiaren emaitza" dela lan-hitzarmen berria sinatzea. 

LABen arabera, aurreakordioan hitzarmenaren sinadurarekin lotutako hobekuntza batzuk zeuden, hala nola Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko 0 eta 1 urteko geletako hezitzaileen soldata. Orain, behin hitzarmena sinatuta, 2 urteko hezitzaileen soldata bera izango dute.

"Egindako lanaren emaitza ospatzeko garaia da orain", sindikatuaren ustez, baina lanak ez dira amaitu; izan ere, "jomugan dugu, akordio laboralean sinatu eta jaso zen bezala, soldaten parekatzea eta lan-baldintzen homologazioa langile guztientzat izatea". Horren arabera, "hori izan zen LAB sindikatuak Hezkuntza Sailarekin sinatu zuena, eta horixe da exijitu eta borrokatuko duguna: parekatzea eta homologazioa ikastoletako langile guztientzat". Gaineratu duenez, hori lortzeko bidean, orain arte parte hartu duen negoziazio guztietan erakutsi duen "indar, kemen eta determinazio bera" erakutsiko du sindikatuak "behar den lekuetan, baita kalean ere".

Horregatik, sindikatuak dei egin die Ikastoletako langileei "Hezkuntza Sailak LABekin sinatu zuen akordio laboralean jasotako konpromisoak bete ditzan" mobilizatzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza LAB Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Lan gatazkak