Ekonomia -
hezkuntza
Jaurlaritzak 1.268 plazako Lan Eskaintza Publikoa egingo du irakasleentzako irailean
DBHko eta Lanbide Heziketako irakasleentzat izango da LEPa, eta laster iragarriko dituzte epeak eta baldintzak.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak jakinarazi du 4.542 lanpostu publiko egonkortzeko prozesuak amaitu ostean, irailean, 1.268 plazako Lan Eskaintza Publikoa egingo duela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleentzat.
Ohar batean, Hezkuntza Sailak jakinarazi du 4.542 postu horietatik, gehienak irakasleenak direla (3.542), 520 heziketa bereziko profesionalak direla, eta 480 sukaldekoak eta garbiketakoak. Guztiak izango dira aurrerantzean funtzionarioak edo langile finkoak.
Lanpostuak egonkortutakoan, Hezkuntza Sailak 1.268 plazako Lan Eskaintza Publikoa egingo du DBHko eta Lanbide Heziketako irakasleentzat. Laster iragarriko omen dituzte baldintzak eta deialdiaren epeak, baina aurreratu dute probak irailaren bigarren erdian izango direla.
Eskaintza horrekin behin-behineko langileen tasa % 4ra jaitsi nahi du Jaurlaritzak bi hezkuntza etapatan, eta % 8 baino baxuago kokatu hezkuntza sistema osoan.
Egonkortze prozesuetan esleitutako gainerako lanpostuen artean, 520 heziketa berezirako dira, 476 laguntzaile espezialistentzat, 14 zeinu hizkuntzako interpreteentzat, 13 fisioterapeutentzat, 10 okupazio terapeutentzat, 3 langile sozialentzat eta 4 transkripzio eta material egokitzapeneko profesionalentzat.
Sukaldeko eta garbiketako arloan, 283 eta 197 langilek egonkortuko dute kontratua, hurrenez hurren.
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Jaurlaritzak irakasleen egonkortzearekin duen konpromisoa azpimarratu du Lan Eskaintza Publikoa iragarri ostean.