Ekonomia -

EAE-KO HEZKUNTZA PUBLIKOA

Sindikatuek "egiazko" negoziazioa eskatu diote Hezkuntza Sailari eta ez dute baztertzen greba gehiago egitea

EAEko hezkuntza publikoko irakasleen grebak % 75eko jarraipena izan du Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuen arabera. Eusko Jaurlaritzak, berriz, % 48ra apaldu du jarraipenaren zenbatekoa.

Irakasleen manifestazioa pasa den urtarrilaren 23an. Artxiboko argazkia: EFE
Irakasleen manifestazioa pasa den urtarrilaren 23an. Artxiboko argazkia: EFE
Irakasleen manifestazioa pasa den urtarrilaren 23an. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek —EAEko unibertsitatez besteko Hezkuntza publikoko irakasleen % 90 ordezkatzen dute— "egiazko" negoziazioa abiatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari. Are gehiago, aurrerapausorik ezean, ez dute baztertzen greba egun gehiago deitzea.

Aipaturiko sindikatuen ordezkarien arabera, Hezkuntza Sailak negoziazio mahaiaren azken bileran aurkeztutako edukiak ez dira nahikoak. Halaber, salatu dute gutxiengo sindikalarekin (UGT eta Interinok) lan-hitzarmen bat adosteko "ahalegina" egin duela Eusko Jaurlaritzak.

Gaur-gaurkoz, martxoaren 7rako deitu dute hezkuntzako mahai sektorialaren hurrengo bilera. Hala ere, nabarmendu dute hitzordu horretan negoziazioaren atal batzuk soilik jorratuko dituztela.

Testuinguru horretan, "edukirik gabeko" bilerak deitzeari utzi eta eskariei erantzungo dieten proposamenak mahai gainean jar ditzan eskatu die Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek Hezkuntza Sailari.

Besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurrien beharra aldarrikatzen dute sindikatuek.

Mahai gainean jarri dituzten eskariei erantzun ezean, mobilizazioekin jarraitzeko indartsu daudela ohartarazi dute sindikatuek.

Sindikatuen deialdiarekin bat eginez, gaur, hezkuntza publikoko irakasleak berriro ere kalera atera dira. Kasu honetan, Gasteizen mobilizatu dira.

Aurreko hiru lanuzteek bezala, laugarrenak ere jarraipen zabala izan du irakasleen artean, % 75ekoa, sindikatu deitzaileen esanetan. Hezkuntza Sailak, ordea, % 48ra apaldu du jarraipenaren zenbatekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak ELA LAB albisteak Grebak Euskal Eskola Publikoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Euskal sindikatuak Langile Komisioak