Ekonomia -

Energia nuklearra

Zentral nuklearren itxiera berriro negoziatzea eskatu diote Iberdrolak eta Endesak Espainiako Gobernuari

Konpainia elektrikoek uste dute energia nuklearra "guztiz beharrezkoa" dela, eta egoera "zeharo ezberdina" dela gaur eta 2019an itzalaldi nuklearra adostu zenean.

Garoña eraisteko prozesuaren lehen fasea 2026an amaituko da. EFE
Garoña eraisteko prozesuaren lehen fasea 2026an amaituko da. EFE
Garoña eraisteko prozesuaren lehen fasea 2026an amaituko da. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Konpainia elektrikoek berreskuratu egin dute energia nuklearraren eztabaida. Horren ildotik, Iberdrolak eta Endesak itzalaldi nuklearra berriro negoziatzeko eskatu diote gaur Espainiako Gobernuari.

2019an, Exekutiboak eta zentralen jabe diren enpresek nuklear guztiak ixteko egutegia adostu zuten. 2027an hasiko da prozesua, hain zuzen ere, eta 2035ean bukatu.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearen esanetan, energia nuklearra "guztiz beharrezkoa" da "argiak piztuta mantentzeko".

2024ko emaitzak aurkezteko agerraldi batean, Galanek esan du "ikuspegi komuna" adostu behar dela energia nuklearraren etorkizunari buruz, eta energia mota horrek "zerbitzu lehiakorra" eman dezakeela iritzi dio.

Bere aldetik, Jose Bogas Endesako kontseilariak itxiera egutegia "berrikustea" eskatu du, eta gogorarazi du bera "beti" egon dela energia nuklearraren alde.

Halaber, egungo egoera eta 2019koa "guztiz ezberdinak" direla azpimarratu du, eta gogora ekarri du Belgikan eta Alemanian zentral nuklearren aldeko eztabaida berreskuratu dela. Horregatik, "Estatu ituna" eskatu du energiaren inguruan.

Espainiako Gobernua: "Ikusiko dugu zer proposatzen duten"

Testuinguru horretan, Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak nabarmendu du enpresek eurek "zehaztu" zutela itzalaldi nuklearraren egutegia. Dena dela, "orain zer proposatzen duten" aztertu beharko duela erantsi du.

Ministroak azaldu duenez, "Gobernuaren marra gorria" da enpresek ordaindu behar dituztela hondakin erradioaktiboak kudeatzeko 20.000 milioi euroak. "Argi eta garbi, kontsumitzaileek ez dituzte tasak ordaindu behar", iritzi dio.

Bestalde, Iberdrolak eta Endesak mozkin "handiak" izan berri dituztela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Energia