Ekonomia -
Langabezia
EAEn jaitsi egin da langabezia otsailean, 908 langabe gutxiago zenbatuta; Nafarroan mantendu egin da
Orotara, 108.453 langabe zenbatu ziren joan den hilabetean Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, berriz, 30.678.
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu bulegoek 908 langabe gutxiago zenbatu zituzten otsailean, aurreko hileko datuekin alderatuta. Hala, 108.453 langaberekin, % 0,83 egin du behera langabeziak.
Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, ia mantendu egin da lanik gabeko herritarren kopurua: 30.678 langabe zeuden otsail amaieran, urtarrilean baino 2 gehiago.
Halaber, Espainiako Gobernuaren Lan eta Ekonomia Sozialaren Ministerioak emandako datuen arabera, urteartekoa ere jaitsi egin da bi erkidegootan: EAEn % 1,89 egin du behera (2.092 langabe gutxiago), eta, Nafarroan, % 1,16 (359 gutxiago).
Lurraldeka, Bizkaian izan da jaitsierarik handiena, urtarrilean baino 524 langabe gutxiagorekin (- % 0,85). Iazko datuekin alderatuta, berriz, 1.241 pertsona gutxiago zeuden lanik gabe (- %1,99). Denera, 61.237 herritar daude langabezian lurralde horretan.
Gipuzkoan, berriz, 28.641 langabe zeuden otsailean, urtarrilean baino 320 gutxiago (- % 1,10); urteartekoari erreparatuta, 524 langabe gutxiago erregistratu ziren (- % 1,80).
Azkenik, Arabako langabeen kopurua 18.575ekoa zen amaitu berri den hilabetetan: aurreko hilabetearekin konparatuta, 64 gutxiago (- % 0,34), eta iazko datuak kontuan hartuta, 327 gutxiago (- % 1,73).
Beti bezala, langabetuen artean emakumeen kopurua handiagoa da gizonena baino. EAEn 62.755 dira emakume langabeak, eta 43.698 gizonezkoak. Nafarroan, berriz, 11.788 gizonak dira eta 18.890 emakumeak.
Afiliazioak
Bestalde, Gizarte Segurantzan 3.391 afiliatu gehiago zeuden otsailean Euskadin, hau da, % 0,33 gehiago, aurtengo lehen hilabetean baino.
Nafarroan ere hazi egin dira afiliazioak: % 0,69, aurreko hilarekin alderatuta (2.134 afiliatu gehiago), eta % 1,57, iazko datuak kontuan hartuta (4782 afiliatu gehiago).
Jaurlaritzak, balorazio "positiboa"
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren arabera, "enpleguak Euskadin bere alde ona erakutsi" du berriro ere otsailean. "Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du eta sektore gehienetan, ia adin tarte guztietan, lurralde guztietan eta bai gizonen eta bai emakumeen artean langabeziak behera egin du".
Ohar batean, Gasteizko Exekutiboak nabarmendu du "otsaila aurreikuspen zaileko hilabetea izaten den arren", datu "positiboak" berretsi direla. "Horrek bultzatzen gaitu lanean jarraitzera, enplegu bila dabiltzan pertsona guztiek aukera bat izan dezaten", erantsi du.