Ekonomia -
LEHIAREN AURKAKO JARDUERA
Jaurlaritzak 202 milioi eskatuko dizkie osasun-arloko lau hornitzaileri, prezioak legez kanpo ezartzeagatik
Essity Spain, Laboratorios Hartmann, Paul Hartmann España eta Laboratorios Indas dira enpresak. Auzitegi Gorenak 2023an laurak zigortu zituen, "kartel" bat osatu eta "prezioak elkarrekin adosteagatik".
agentziak | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak auzibidera joko du, "lehiaren aurkako praktikak erabilita" osasun-materiala hornitu zioten lau enpresaren kontra. Zehazki, 202 milioi euro erreklamatuko dizkie, "diru-kutxa publikoari eragindako kalteagatik".
Hala jakinarazi du Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Bileraren ondoren egin duen agerraldian. Azaldu duenez, Essity Spain, Laboratorios Hartmann, Paul Hartmann España eta Laboratorios Indas dira enpresa horiek, eta "helduen inkontinentzia larrirako produktu xurgatzaileak fabrikatzen eta merkaturatzen" dituzte. Auzitegi Gorenak 2023an laurak zigortu zituen, "kartel" bat osatu eta "prezioak elkarrekin adosteagatik".
Ubarretxenaren arabera, "epai irmoa" kaleratu eta berehala, "Osasun Sailak errekerimendu extrajudiziala igorri zien enpresei, kalteordainak eskatuz", baina "ez zuten onartu". Horren aurrean, demanda jartzea erabaki dute.
"Lehiaren aurkako praktika honen ondorioz, 1997 eta 2014 urte artean Jaurlaritzak gainprezio bat ordaindu zuen (...), diru-kutxa publikoari 202 milioi euroko kaltea egin zaio", erantsi du bozeramaileak, Gasteizko Gobernuak produktu horiek "farmazien bidez" erosten zituela zehaztu ondoren.