Ekonomia -
KONTSUMOBIDEREN BALANTZEA
Banka sektoreak jaso zituen Euskadin iaz kexa gehien, hipoteka-gastuei lotutako erreklamazioak direla eta
Telefono eta telekomunikazio sektoreari aurrea hartu dio eta lehen postura igo dira banka sektoreari lotutako erreklamazioak, energia eta ur hornidurari lotutakoen gainetik.
EITB Media
Iaz kontsumoari lotutako 28.359 kexa erregistratu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko urtean baino % 1,8 gehiago, Kontsumobidek gaur zabaldu duen 2024ko txostenaren arabera. Halaber, kontsultak are gehiago hazi ziren (% 9,3) eta guztira 46.877 zenbatu ziren.
Lehen aldiz, banka sektoreak pilatu zituen kontsulta eta erreklamazio gehien, telefonia eta telekomunikazio zerbitzuen, eta energia eta ur horniduraren aurretik. Orain arte, telefonia eta telekomunikazio zerbitzuekin lotutako sektoreek jasotzen zituzten kexarik gehien.
Hipoteka-gastuen erreklamazioek zerikusia izan dute banketxeen aurkako erreklamazioen gorakada horretan, batez ere, erreklamazio guztien herena izan baitira.
Guztira, iaz aurkeztu ziren 28.359 erreklamazioetatik 15.000 inguru Kontsumobiden aurkeztu ziren, eta, gainerakoak, berriz, kontsumitzaileen arretarako bulegoetan eta kontsumo-erakundeetan. Kontsumobidek bideratutako erreklamazioen ia erdiak (% 46) kontsumitzailearen eta enpresaren arteko akordioarekin amaitzen dira.
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak 2024ko balantzea aurkeztu du gaur goizean Bilbon, Tontxu Rodriguez Kontsumobide Euskal Kontsumo Institutuaren zuzendariarekin batera.
Bestalde, Kontsumobidek 1,7 milioi euroko balioa izan zuten 447 isun izapidetu zituen iaz. Isun gehienak etxeko tresnen sektoreko enpresei (tartean, informatikako eta ikus-entzunezko produktuak saltzen dituztenak), ibilgailu-konpontzaileei, eta arropa, oinetako eta osagarriei sektoreko enpresei ezarri zizkien.