Ekonomia -

Europako Banku Zentrala

EBZk puntu laurden jaitsi ditu interes-tasak, inflazioak behera egin duenez

Europako Banku Zetralak oinarrizko 25 puntutan jaitsi ditu interes-tasak. Hala, gordailu-tasa (DFR) % 2,50ean geratuko da; birfinantzaketa-eragiketa nagusietarako erreferentzia-tasa (MRO), % 2,65ean; eta mailegu-erraztasunarena, (MLF) % 2,90ean.

Lagarde (BCE) aurreko hitzartze batean. EFE.
Lagarde (BCE) aurreko hitzartze batean. EFE.
Lagarde (BCE) aurreko hitzartze batean. EFE.

Agenctziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak puntu laurden jaitsi ditu berriro ostegun honetan, eurogunean inflazioa jaistearekin batera, moneta-politika "ez delako hain murriztailea". Analistek ziurtzat jotakoa bete da, beraz, eta EBZk malgutze-zikloarekin jarraitu du, urtarrilean proportzio berean egindako jaitsieraren ostean.  

Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren, EBZk jakinarazi du bere erreferentziazko tasa, gordailu-tasa (DFR deitua, finantza erakundeek EBZn gordailuak mantentzeagatik jasotzen edo ordaintzen dutena), % 2,5era arte jaistiko duela.

Oinarrizko 25 puntu egin du behera, halaber, bere interes-tasa nagusiak, bankuei astebeterako maieguak emate dizkienak, % 2,65era arte; eta kreditu-erraztasunak, bankuei egun baterako mailegatzen dienak, % 2,90era arte.

Interes-tasen murrizketak 2025eko martxoaren 12an sartuko dira indarrean, diru-erakundeak gaineratu duenez.

Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak adierazi duenez, moneta-politika "ez da lehen bezain murriztailea", izan ere, interes-tasen jaitsierek enpresa eta etxeentzako kreditu berriaren kostua murriztuko du eta maileguek gora egingo dute.

"Desinflazio-prozesuak aurrera jarraitzen du. Oro har, inflazioak aurreikusi zen gisan eboluzionatu du, eta azken proiekzioak aurrez egindako inflazio-aurreikuspenekin oso lerrokatuta daude", esan du EBZk ohar batean.

Europako Banku Zentraleko adituen ustez, inflazio orokorra, batez beste, % 2,3koa izango da 2025ean; % 1,9koa, 2026an; eta % 2,0koa, 2027an (EBZk ezarritako inflazio-helburua da azken hori). 

Erakundeak azaldu du energiaren prezioen gora-beherek eragin dutela 2025erako inflazio orokorraren aurreikuspena igotzea.

Barne inflazioak handia izaten jarraitzen du, gaineratu du Europako Banku Zentralak, "batez ere sektore batzuetako soldatak eta prezioak inflazioaren aurreko igoerara egokitzen ari direlako, eta atzerapen nabarmena dago horretan".

Hala ere, soldaten hazkundea espero zenaren arabera ari da moteltzen, eta irabaziek moteldu egiten dute, neurri batean, inflazioaren gainerako eragina. 

Era berean, EBZk ohartarazi duenez, ekonomiak erronka handiak ditu aurrean eta, horien eraginez, adituek jaitsi dituzte berriro hazkunde-proiekzioak: % 0,9 2025erako, % 1,2 2026rako eta % 1,3 2027rako.

Beherantz zuzendu dituzte 2025 eta 2026rako aurreikuspenak, batetik, esportazioen beherakadengatik, eta, bestetik, inbertsioaren ahultasun iraunkorragatik, merkataritza-politikei buruzko ziurgabetasuna eta, oro har, politika ekonomikoei buruzko ziurgabetasuna handia baita. 

Europako Banku Zentralak datuen arabera hartuko ditu hurrengo erabakiak, bileraz bilera diru-politikaren orientazio egokia zehazteko.

Era berean, erakundeak adierazi duenez, interes-tasei buruz hartuko dituen erabakiak "inflazio-aurreikuspenen balorazioan, datu ekonomiko eta finantzario berrietan, azpiko inflazioaren dinamika eta moneta-politikaren transmisioaren intentsitatean oinarrituta hartuko dira, aldez aurretik tasek izan duten joera zehatzek mugatu gabe", gaineratu du EBZk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Europako Banku Zentrala